HEZKUNTZA

Umeei hezkuntza etxean ematea debekatu nahi du Frantziako Gobernuak

Eskolatzea derrigorrezkoa izanen da Ipar Euskal Herrian 3 urtetik 16 urtera arte, 2021ko irailetik aitzina. Orain arte, gurasoek hautua zuten hezkuntza etxean emateko, betiere jarraipen bat edukita. «Islamismo erradikalaren» aurka egiteko lege bat aurkeztu du Macronek, eta horren barnean txertatu du neurria.

Hainbat ume, iaz, Baionako eskola batera sartzen. GUILLAUME FAUVEAU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 2a
13:49
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidentea kezkatua dago «islamismo erradikalaren» adierazpideek hartu duten bidearekin, eta lege proposamen bat egin du «islamismo separatistaren» aurka egiteko. Azaldu duenez, Errepublikaren balioak zalantzan jarri dituzte zenbait ekinbidek: bertzeak bertze, emakumeen eta gizonen arteko «berdintasuna» jarri dute kolokan hainbat herritan hartutako erabakiek. «Haustura» dakarren «proiektu politiko» horren aurka aurkeztuko du legea: zehaztu duenez, «arazoa ez da laikotasuna». Lege horren barnean dagoen neurrietako bat da eskolatzearena. Orain arte, umeen hezkuntza derrigorrezkoa zen 3 urtetik 16 urtera Ipar Euskal Herrian, baina gurasoek hautua zuten hezkuntza hori eskolan edo etxean emateko: hemendik aitzina, derrigorrezkoa izanen da umeak eskolara eramatea, 3 urtetik aitzina. «Kontratuz kanpoko» eskolei ere jarraipen zorrotzagoa eginen diete.

Gaur goizean eman du Macronek lege proposamenaren nondik norakoen berri komunikabideen aitzinean egindako agerraldi batean. Lantzen ari dira oraino proposamena, eta abenduaren 9an aurkeztuko dute ministroen kontseiluan.

Hainbat neurri aurreratu ditu jada Frantziako presidenteak, halere. Eskolatzearenaz gain, neurriok hartu nahi lituzke: prefetek udal erabakiak bertan behera utzi ahal izatea; erakunde publikoek kontrataturiko langileei «neutralitatea» ezartzea; diru laguntzak jasotzen dituzten elkarteek «Errepublikaren balioen kontratu» bat izenpetzea, eta, betetzen ez badituzte, diru laguntzarik gabe gelditzea. Pertsonen «duintasunaren» aurka egiten duten elkarteak ere desegiten ahalko ditu Parisek, legea aitzina ateratzen bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.