Euskal presoak

Frantziak Josu Urrutikoetxearen kontrako euroagindua onartu du 'herriko tabernen' auzian

Urrutikoetxearen sendiak jakinarazi du Kasazio Auzitegian helegitea ezarriko dutela. Bestalde, Luis Herguetaren hilketagatik Espainiak egindako estradizio eskaera onartzeko eskatu du fiskaltzak, azaroaren 18an emanen dute erabakia.

Josu Urrutikoetxea Parisko Dei Auzitegian, gaur arratsaldean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 30a
14:47
Entzun

Parisko Dei Auzitegiak ontzat eman du 'herriko tabernen' auzian Espainiako Auzitegi Nazionalak Josu Urrutikoetxearen kontra egindako euroagindu eskaera. Defentsako abokatuen arabera, euroaginduak ez du errespetatu oinarrizko prozedura, baina epaileak ez du argudioa onartu. Dei Auzitegiaren erabakiaren kontra helegitea jarriko dute Kasazio Auzitegian. Auzi saioan parte hartu du Josu Urrutikoetxeak berak; atxilotu zutenetik lehen aldiz, libre agertu da.

Baltasar Garzon epaileak 2005eko otsailaren 28an auzipetu zuen Urrutikoetxea; Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak bozetara deitu eta Eusko Legebiltzarra desegitearen ondorioz Urrutikoetxeak legebiltzarkide izateari utzi eta astebetera. Garzonek 2001eko uztailean Ekineko ustezko hainbat lagun auzipetzean hura «Ekineko gune nazionalaren arduradun» gisa jo zuen arren, ezin izan zuen prozesatu, foruduna baitzen. Instrukzio epailearen arabera, KASen ordezkoa zen Ekin, ETA barruan zegoen eta haren «bulego politikoa» zen, eta ezker abertzalearen zuzendaritza eta kontrol lanak egiten zituen. Herriko tabernen auziko operazioa 2002ko apirilean agindu zuen epaileak.

Herriko tabernen auziaz gain, Luis Herguetaren hilketagatik Espainiak egindako estradizio eskaera ere aztertu dute gaur arratsaldean, Parisko Dei Auzitegian. Bere garaian ETA pm-k aldarrikatu zuen erasoa —Urrutikoetxea ez da sekula erakunde horretako kide izan—; auzipetzeak eta gobernuaren eskaerak data aldetik ere okerrak dauzkate. Espainiak egindako estradizio eskaera onartzeko eskatu du fiskaltzak; defentsako abokatuek afera preskribitua dela argudiatu dute. Azaroaren 18an emanen dute erabakia

Joan den uztailaren 1ean, Dei Auzitegiak atzera bota zuen Barajasko T4ko atentatuagatik (2006) Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera, zehaztasun faltagatik. Lehen aldia izan zen Parisko auzitegi batek euroagindu bat baztertu zuela. Aurretik, Dei Auzitegia Zaragozako (Espainia) kuarteleko atentatuaren auzian estradizio eskaeraren alde azaldu zen, eta defentsak kasazio helegitea aurkeztu zuen. Estradizio auzi honetan ere, azkeneko hitza Frantziako Gobernuak du.

Prozedura «katramilatuak»

Orotara, lau prozedura ditu Espainian Josu Urrutikoetxeak. Eskaera «herrenak» direla salatu zuen Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuak Parisko Dei Auzitegiaren aitzinean, joan den uztailaren 29ko auzi saioan. «Badu urte bat baino gehiago espainolek dei egin dizuetela bi estradizio eta bi euroagindu ebazteko. Biziki luzea da», adierazi zuen. Epaileari erran zion auzitegia ez dela berant horren arduraduna. «Autoritate espainiarrak dira. Euroagindu bat ez da onartua; bestearentzat ez dira gai errateko zergatik epaitu nahi duten zehazki». Urrutikoetxea Espainiarentzat «ikono» bat dela nabarmendu zuen, haren iazko maiatzeko atxiloketaren ondotik Espainiako autoritateek egin zuten prentsaurrekoa gogora ekarrita: «Ikonoa da, ETAk armak uztean izandako eginkizunagatik. Horrek azaltzen du Espainiaren gogoa. Eskaera herrenak dira: ez dira oinarrituak».

Araitz Aramendi erabakiaren zain

Gaur aztertu dute Parisko Dei Auzitegian Alaitz Aramendi euskal presoaren kontra Espainiak egindako euroagindu eskaera. 2017an epaitu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta 40 urteko kartzela zigorra ezarri zion. Fiskaltzak euroagindu eskaera onartzeko eskatu dio epaitegiari; Xantiana Cachenault defentsako abokatuak ukatzeko eskatu du, baina onartzekotan, Frantzian preso pasatako urteak kontatuko dizkiotela bermatzeko eskatu dio epaitegiari. 2005ean atxilotu zuten Aramendi Cahors (Okzitania) hirian, eta heldu den otsailean beteko du kondena osorik. Parisko Dei Auzitegiak azaroaren 4an emanen du bere erabakia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.