Ekonomia

Galdutako enplegu guztiak berreskuratu nahi ditu Jaurlaritzak Berpiztu programari esker

Jarduera ekonomikoa bultzatzeko orain indarrean dituen politikak eta asmo berrituak batu ditu Jaurlaritzak egitasmoan. Gastu publikoa %0,5 handituko du 2021ean, eta beste %1 hurrengo urtean

Mendia, Urkullu eta Tapia, gaur, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 29a
13:34
Entzun

Gastu publikoaren igoera txiki eta progresibo batekin egingo dio aurre Eusko Jaurlaritzak koronabirusak sortutako krisiari. Datorren urtean aurten baino %0,5 gehiago gastatzeko asmoa du, eta gastu hori %1 igoko du 2022an, %2 2023an eta %3, berriz, 2024ean. Diru horrekin elikatu nahi du bere jardun ekonomikoa markatuko duen programa, Berpiztu izenekoa. Lehentasuna izango da krisian galdutako enplegu guztia berreskuratzea. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jada ezaguna den xede bat jarri dio bere buruari: legealdiaren amaieran langabezia tasa berriro %10etik jaistea —%12,4 da orain, Eustaten azken datuen arabera—. Aurreko legealdiko helburu bera da, eta lortu bezain pronto zapuztu zitzaion, konfinamenduarekin.

Berpiztu programaren nondik norako nagusiak aurkeztu zituen atzo Urkulluk, Idoia Mendia lehendakariordearekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuarekin batera. Plan zehatza hilabete barru edo aurkeztu nahi du Gasteizko gobernuak, beste eragile batzuen ekarpenak jaso ondoren. Foru aldundiak, sindikatuak, patronala, kooperatibak, Elkargi eta beste deituko ditu hurrengo asteotan, plana osatze aldera.

Oraingoz, Berpiztu programak ez dakar berritasun handirik. Urkulluk, Mendiak eta Tapiak aipatutako lehentasunak eta asmoak gobernu programan agertutakoak dira, eta Jaurlaritzaren azken urteetako egitasmoak ageri dira hor, pakete batean bildutakoak dira, osotasun bat emateko gobernuaren politikari.

Programaren dirua gobernuaren baliabide propioek osatuko dute, baina Europako Batasuneko Next Generation programatik sosak etor daitezkeela ere kontuan hartu du Jaurlaritzak. Dirua jaso dezaketen hainbat proiekturen aurkezpenean laguntzen ari da gobernua, urriaren erdialdera bidali behar zaizkiolako Europako Batzordeari. Edonola ere, Urkulluk ez du EBren sosik espero datorren urtearen bigarren erdira arte, gutxienez.

135.000 enplegu sustatu

Berpiztu planaren zenbaki nagusiak jada prest ditu Jaurlaritzak, eta handinahiak dira: 135.000 enplegu sustatu nahi ditu; 6.000 enpresaren sorrera lagundu nahi du; ikerketa eta garapenerako 1.000 proiektu berri bultzatu behar ditu; 10.000 industria babestu...

Berpiztu programaren ardatzetako bat izango da «enpresa ehunaren eta sistema osoaren lehiakortasuna sendotzea», Arantxa Tapiaren arabera, halakorik ez badago, «nekez sortuko direlako lanpostu berriak».
Sei esparrutan ekin nahi du Gasteizko gobernuak. Azpiegitura ekonomikoak eta gizartekoak dira horietako bat, «industria lehiakor batek jarduera errazten duen ekosistema behar baitu».  Arlo horretan Bilboko portua trenbide sarearekin lotzea aipatu du, baina baita ur sarea hobetzea eta osasun azpiegituren eta eskolen energia eraginkortasuna hobetzea ere.

Bigarren esparrua ikerketa eta garapenaren aldeko apustua handitzea izango da. I+Ga bultzatzeko urtero %6 gehiago emateko konpromisoari eutsi dio Jaurlaritzak, eta Tapiak iragarri du Adimen Artifizialeko Zentro bat eraikiko duela eta beste data-center bat jarriko duela ekinaldi pribatuaren laguntzarekin.

Trantsizio energetikoari dagokionez, Europako Itun Berdearen haritik jarraituko du Jaurlaritzak, eta agindu du industria hondakinak tratatzeko estrategia bat landuko duela, enpresen lankidetzarekin.

Industria eta enpresak laguntzeko oraingo programekin jarraituko du Urkulluren gobernuak, besteak beste, Finkatuz funtsaren bitartez enpresen kapitalean sartzen. Enpresen nazioartekotzea bultzatzeko SPRI bulegoen sarea zabalduko dute.

Berme gehiago

Elikaduraren esparruari ere helduko dio Berpiztu programak. Banaketa sare laburrak sustatuko dituzte, arrantzale eta nekazarien belaunaldi aldaketa lagunduko, eta landa eremuen dibertsifikazioan sakonduko.

Azkenik, merkataritzan, turismoan eta kultura «negozio molde berriak»lagunduko dituzte.  

Diruaren zati bat enpresei maileguak eskatzeko bermeak izango dira. Mila milioi euro jarri zituen hor krisiaren hasieran, Elkargirekin batera, eta beste 500 milioi eskaini zituen gero, baina oraindik azken zati hori erabili gabe dago. Legealdi osoan 3.700 milioi eurora arte bermatzeko prest da gobernua, batez ere enpresa txikiei eta ertainei begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.