Katalunia

Torra: «Negoziazio mahaiak amnistia legea eztabaidatu behar du»

Bost pertsona atxilotu dituzte bart izan diren protestetan. Bozak otsailaren 7an izango direla ziurtzat jotzen du ERCk.

Torraren inhabilitazioaren aurkko protesta bat, atzo, Lleidan. RAMON GABRIEL, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko irailaren 29a
10:51
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak inhabilitatu ondorengo egunean, Lledonerseko espetxera joan da Quim Torra atzo arte Kataluniako presidente izan dena. Bertan preso dauden buruzagi independentistekin elkartu da. Kartzelatik irteterakoan, amnistia lege bat babesteko eskatu die Espainiako Gobernuari eta Kataluniako alderdi politikoei, «preso politikoentzat eta 2.850 errepresaliatuentzat».

Torraren esanetan, Kataluniako gatazkaren konponbideak ezinbestean jaso behar ditu amnistia eta autodeterminazio eskubidea. Hori dela eta, nabarmendu du Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaiak bi puntu horiek jaso beharko lituzkeela gai ordenean. «Gertatzen ari zaigun guztiarekin ere, elkarrizketa mahai horretan gaude, baina autodeterminazioari eta amnistiari buruz hitz egiteko. Idatziz ikusi nahi dugu. Nahikoa da ustezko elkarrizketa bat irudikatzeko argazki eta bilera antzuez».

Presidente inhabilitatuari elkarrizketa mahaiaren parte izan beharko ote lukeen galdetuta, kazetariei erantzun die hori bere kideek erabakiko dutela.

Bestalde, presidente ohiak itxaropen urria agertu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu berri duen helegitearekiko. Ez du uste Gorenaren atzoko epaia indargabetzeko balioko duenik. Adierazi duenez, independentista kataluniarrek ezin dute justiziarik jasotzea espero Espainiako auzitegietan. Aldiz, Europako justiziak arrazoia emango diola ziurtatu du. Konstituzionalak urriaren 6an aztertuko du presidente ohiaren helegitea.

Gobernuen arteko elkarrizketa mahaiaren aldeko apustua berretsi du ERCk, Torraren kontrako epaiaren biharamunean. Gabriel Rufian Espainiako Kongresuko diputatuaren esanetan, «aurkariek» beti izan behar dute hitz egiteko bide bat zabalik, baita «gerra» egoera ere. ERCko ordezkariak elkarrizketa mahairako jarrera bateratu bat adosteko eskatu dio JxCri. Independentismo guztia bilduko duen akordio bat lortzearen alde mintzatu da. «Ez luke zentzurik negoziazio horretara jarrera desberdinekin joateak».

Jarrera erabat kontrajarria da, ordea, CUPena. Mireia Vehí Espainiako Kongresuko diputatuak elkarrizketa mahaitik altxatzeko galdegin die JxCri eta ERCri. Haren esanetan ez litzateke ulergarria foro horretan parte hartzen jarraitzea, «[Espainiako] gobernuaren politika errepresioa denean».

Elkarrizketa mahaia biltzeko prest jarraitzen duela esan du PSOE, Adriana Lastra Kongresuko bozeramailearen ahotik. Ziurtatu duenez, gobernuak elkarrizketaren aldeko apustua egingo du, eta Generalitateari egotzi dio azken asteetan elkarrizketa mahaia bildu ez izanaren ardura. Horrez gain, Katalunian bozetara ahalik eta lasterrena deitzeko eskatu dio Generalitateari, «aro politiko berri bat» hasi ahal izateko.

Hain justu, Auzitegi Gorenaren epaiak legealdiaren amaiera behartuko du Katalunian. Torra inhabilitatu ostean, parlamentuak bi hilabeteko epea izango du beste presidente bat izendatzeko. Baina alderdi independentistek iragarria dute dagoeneko ez dutela hautagairik aurkeztuko, eta, beraz, epea agortuko dutela. Hala egindakoan, automatikoki deituko dute hauteskundeetara, legeak hala aginduta. Deialditik 54 egunera izango dira bozak. Gaur bertan, Sergi Sabria ERCren parlamentari taldeko buruak adierazi du otsailaren 7an izango liratekeela: «Matematika kontua da».

Hauteskundeak egin artean, Pere Aragones presidenteordeak hartuko du Torraren tokia, behin-behinean eta eskumen mugatuekin. Hala adostu zuten Junts per Catalunyak eta ERCk Generalitateko buruaren inhabilitazioaren berri jakin aurretik. Sabriak azaldu duenez, ordea, inhabilitazioaren erabakia aldizkari ofizialean agertu zain daude, Aragones lanean hasteko.

Bost atxilotu

Torraren inhabilitazioak protestak eragin zituen atzo iluntzean Katalunian. ANCk, Omniumek eta CDRek mobilizazioak antolatu zituzten. Azken horiek Bartzelonan egin zuten manifestazioak, bost pertsona atxilotu zituzten Mossoek. Istiluak  21:15 inguruan hasi ziren, manifestariak Ciutadellako parkera heldu zirenean. Haietako batzuk sarrerako ateak indarrez zabaltzen ahalegindu ziren, Kataluniako Parlamenturaino heltzeko. Barruan, hainbat objektu jaurti zizkieten bidea mozten ari ziren mossoei. Segurtasun indarrek ohartarazi zieten gelditu ezean esku hartuko zutela. Hala, minutu gutxira parketik kanpo zeuden manifestari guztiak. Zenbaitek, baina, Sant Pere kalerantz jo zuten, eta errepidea moztu zuten gurutzatutako edukiontziekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.