Ikastolen Elkarteak antolatuta, ikasturte berriaren hasiera ekitaldia egin dute gaur goizean Agurainen (Araba), Etorkizunerantz, hezkuntza eraldatzen leloa hartuta. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak bertan adierazi du pandemiaren ikasturteari aurre egin ahal izateko ikastolek «baliabideak eta baldintzak» behar dituztela. «Aurtengo lehentasuna egoera honi erantzun duina ematea da, ahalik eta erantzun onena ematea», azaldu du. Egungo egoerak hezkuntza sistemaren inguruko gogoeta egiteko ere baliatu behar dela erantsi du Tellituk: «Honek guztiak hezkuntza sistema osotasunean zalantzan jartzeko ere balio behar digu. Ez da nahikoa akordio bat. Errotik aldatu behar da hezkuntza sistema». Aldaketarik ezean, hezkuntza sistemak «porrot» egingo duela ohartarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Eta, ildo horretan, hezkuntza sistema osorako lege bat aldarrikatu du.
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, «elkarrizketa eta negoziazio» eskaini ditu akordioak lortzeko, eta esan bere helburua «herri proiektu bat sendotzea» izango dela.
Bestalde, gaurko ekitaldian pandemiagatik ospatu ezin izan diren ikastolen jaiak omendu dituzte. «Egindako auzolan eta elkarlan erraldoiek aitortza merezi dute», azpimarratu dute.