Eusko Alkartasuna

Eba Blancoren izendapenak etenda jarraituko du

Sektore kritikoak dio Arabako probintzia auzitegiak arrazoi eman diola baina zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute hala dela. Azaldu dutenez epaitegiko autoak ez du eragin praktikorik uztaileko epaiari ez diolako eragiten

Maiorga Ramirez, ekainean, epaitegira bidean. DAVID AGUILAR / EFE
joxerra senar
2020ko irailaren 25a
14:36
Entzun

Barne gatazkak auzitegietan jarraitzen du. Gaur, EAko sektore kritikoak ohar bat kaleratu du eta bertan adierazten du Eba Blancok azaroan aurkeztutako helegitearen gainean galdu egin duela eta arrazoi eman diela. Ohar horren arabera, hauteskunde prozesua baliogabeko berme batzordearen erabakia babestu du epaitegiak eta euren tesiari sostengua eman dio. Aitzitik, zuzendaritzako iturriek gezurtatu egin dute hori hala dela. Iturri horien arabera, auzitegiaren autoa Blancoren izendapena eteten deneko kautelazko neurriaren ingurukoa da, eta «ez du eragin praktikorik» gerora auzibideak hartu duen ildoan.

Auziak soka luzea du atzetik, eta alderdiaren bi sektoreen arteko barne borroka agerian utzi du. Iaz, idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, hiru hautagai aurkeztu ziren: tartean, Eba Blanco bera eta eta Maiorga Ramirez. Azken horrek aurreko biek baino abal gehiago aurkeztu zituen, baina, estatutuen arabera, lurraldeko gutxieneko abat kopuru bat eskatzen denez, zuzendaritzak erabaki zuen Ramirezen hautagaitza atzera botatzea. Ondorioz, prozesu horren amaieran hautagai bakarra geratu zen eta Eba Blanco izendatu zen idazkari nagusi. Hala ere, berme batzordeak zuzendaritzaren erabakia bertan behera utzi eta Blancoren izendapena eten zuen. Erabaki horren aurrean, auzitegietara jo zuen Blancok, eta azaroan kautelazko erabakian, epaitegiak erabaki zuen bere izendapena etetea.

Ekainean, epaiketa egin zen eta uztailean, lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Alta, sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion. Oraindik ez dago errekurtso horren gaineko erabakirik, baina lehen epai horrek arrazoi eman zion Blancoren eta zuzendaritzaren tesiari.

Testuinguru horretan etorri da probintzia epaitegiaren autoa (113/20). Sektore kritikoaren oharrak aipatzen du azaroan Blancok aurkeztutako helegitea ez duela aintzat hartu eta ezin dela helegiterik jarri. Zuzendaritza ofizialeko iturriek, berriz, diote ekainean jada epaiketa egin zela, lehen auzialdiko epaitegiak epaia atera zuela eta hura dela auzibidean oraingoz aurrera egin duen tesia. 

Sektore kritikoaren eskaera

Horren aurrean, Nafarroako, Arabako eta Gipuzkoako koordinatzaileek eta idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen Maiorga Ramirezek azpimarratu dute ez dela mendekuz jokatzeko garaia. «Unea heldu da hitz egiteko, afiliatuen fitxategia eguneratu eta haiei  hitza emateko. Afiliatuek eurek erabaki behar dute nork gidatuko duen alderdia eta zein izango den EAren lotura EH Bildun». Dei egin diote Blancori eta haren sektoreari «botere postuei eusteko jarrera alboratzeko eta alderdi kideei irekitako diziplina espedienteak kentzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.