Rigatik (Letonia) helduriko bidaiariek ustekabe bat zuten zain atzo Helsinkiko (Finlandia) aireportuan: Susanna Paavilainen eta haren txakurra, Kossi. Ohikoa da txakurrak erabiltzea aireportuetan drogak-eta atzemateko. Baina Finlandiako hiriburuan lehen aldiz erabili dituzte COVID-19 gaitza eragiten duen birusa sumatzeko.
Finlandiako Wise Nose (Sudur Zuhurra) elkarteak trebatu ditu animaliok. Bidaiaria kabina moduko batean sartzen da, eta bere lepoko azala igurzten du kotoizko makilatxo batekin, lagin bat lortzeko. Makilatxoa edukiontzi batean sartzen du. Orduan, txakurraren trebatzaileak usaintzeko ematen dio animaliari. Minutu bateko lana da. Txakurrak hamar segundoren buruan esango du bidaiariak koronabirusa duen edo ez: zaunka, etzanda jarrita edo hankarekin adierazten du positiboa.
Kossi txakurra bidaiari baten lagina usaintzen. MAURI RATILAINEN / EFE
Helsinkiko Unibertsitateak antolatu du sistema. Hango adituek zabaldu dutenez, laborategian eginiko probetan, animaliek ia kasu guztiak atzeman dituzte, eta PCR probek usaindu ere egiten ez dituzten kasuetan ere bai; esaterako, pertsona berriki kutsatu denean, eta sintomarik garatu baino askoz gehiago. Aireportuko agintariek esan dutenez, txakurrek birusaren 10-100 molekula baino ez dituzte behar atzemateko; laborategiko testek, 18 milioi.
Txakurrak seinalaturiko bidaiariari PCR proba egiten diote, animaliaren epaia baieztatze aldera. Positiboa bada, Helsinkiko erietxe batera eramaten dute, segurtasun neurriekin.
Unibertsitateko ikertzaile Anna Hielm-Bjorkmanek nabarmendu du sistema horrek aukera asko zabaltzen dituela, modu erraz, azkar eta merkea delako kutsatuak atzemateko, eta leku askotan erabili ahal delako, besteak beste kirol edo kultura ekitaldietan.
Hainbat ikerketaren arabera, birusa duten pertsonen izerdia aldatu egiten da, eta txakurrak gauza dira hori usaintzeko.
Europan halako sistema bat jartzen lehena da Finlandia. Beste hainbat herrialdetan ari dira antzeko sisteman garatzen.