«Onartezina da lehendakariari ETBn eginiko lehenengo elkarrizketa produktora batek egitea, eta gaztelaniaz». Horrela hasten da ETBko langile batzordeak plazaratu duen oharra.
Telebista publikoaren gaztelerazko kanalak irailaren 13an zabalduriko elkarrizketak sortu du langileen haserrea. Lehendakari kargua zin egin eta eskainitako lehenengo elkarrizketa izan zen. Langileen ordezkariek salatu dutenez, elkarrizketaren «edukia, kazetari lana, errealizazioa eta zuzendaritza» ekoiztetxe baten esku utzi zuen ETBk, baina lan «tekniko guztia» telebista publikoko langileek egin zuten.
Langileen arabera, aurrekariak egon badaude, baina eurentzat «are latzagoa» izan da oraingoa, lehendakariaren lehenengo elkarrizketa izan delako. «Zuzendaritzak etxeko langileak gutxiesten ditu, eta haien lanarekiko konfiantzarik eza adierazten dio gizarteari».
Langileek argudiatu dutenez, esku pribatuetan utzitako lan horiek egiteko gai diren profesional asko daude ETBko albistegietan. Horiei halako lan garrantzitsua egiteko aukera kendu dietela salatu dute. Adierazi dutenez, konfiantzarik ezaz gain, ekoiztetxeei negozioa eman nahi izan diete, eta elkarrizketatzaileen lana baldintzatzeko botere handiagoaz baliatu.
Lehenengo elkarrizketa gazteleraz egin izanak erakusten du «ETB1ekin eta euskararekin dagoen konpromisoaren neurria», langile komitearen arabera.