Unibertsitateak

EHUk Miren Basaras izendatu du COVID-19aren Zaintza Batzordearen arduradun

Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea da Basaras, eta koronabirusaren ikerkuntzan badu esperientziarik. Zaintza Batzordearen lehen erronka EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea izango da. 

Miren Basaras, EHUko COVID-19aren Zaintza Batzordeko arduraduna. EHU
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 24a
13:09
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak COVID-19aren Zaintza Batzordea eratu du, eta Miren Basaras mikrobiologoak eta irakasleak kudeaketaren kargua hartuko du, EHUk ontzat emanda. Zaintza Batzordea koronabirusaren inguruko koordinazio, aholkularitza, informazio, jarraipen eta kontrol lanez arduratuko da. Batzordearen helburu nagusia izango da «hasi berri den ikasturtea presentzialtasun egokitu batera moldatzea».

Basarasek «ilusioz» eta «arduraz» heldu dio kargu berriari. «Erronka handia da EHUko egoera epidemiologikoa zein den aztertzea, baita koronabirusak eraginkortasunez eta azkar kontrolatzea ere. Funtsezkoa izango da edozein agerraldiren badago erabakiak azkar hartzea, birusa unibertsitate ingurunean ahalik eta gutxien transmititu dadin. Horretarako, osasun agintaritza eta zerbitzuekin koordinatuta egongo gara une oro», nabarmendu du.

Bestalde, EHU unibertsitate publikoa den heinean, Basarasen iritziz, «funtsezkoa da etxean bakartuta edo berrogeialdian dauden ikasleek ikasten jarraitu ahal izatea, modu ez presentzialean». Ikasleei sortuko zaizkien zalantzak argitzen saiatuko dela gehitu du.  

Basarasek badu esperientziarik COVID-19aren ikerkuntzan. Mikrobiologiako ikasketak egin zituen EHUn, eta Biologia Zientzietan lizentziaduna ere bada. Orain arte, mikrobiologiako irakaslea izan da, baita Medikuntza Graduan ere. Horrez gain, EHUko Agente Biologikoen eta Genetikoki Eraldatutako Organismoen Ikerketetarako Etika Batzordeko buru eta kide izan zen. Egun, Mikrobiologia eta Osasuna elkarteko idazkaria da. Hainbat hedabidetan kolaboratzen du; tartean, BERRIA.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.