Lan araudia

Aitatasun baimena hamalau egunetik 28ra luzatuko du Frantziako Gobernuak

Neurria 2021eko uztailetik aurrera jarriko dute indarrean. Ikerketa baten arabera, orain ezarrita dauden hamalau egunak ez dira nahikoak aitaren eta haurraren arteko lotura bat sortzeko.

Aita bat haurrekin jolasten, iazko Bilboko Aste Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 23a
11:01
Entzun

Ipar Euskal Herrian 28 eguneko baimena eskatu ahal izango dute aita izaten direnek. Orain arte hamalau egunekoa zen epea, baina luzatzea erabaki du Frantziako Gobernuak, eta 2021eko uztailetik aurrera sartuko du indarrean lege berria. Emmanuel Macron presidenteak gaur iragarriko du erabakia, haurren babeserako zentro batera egingo duen bisitan.

Neurri horrekin, «oinarritik» egin nahi du parekidetasunaren alde Parisko gobernuak. Aitatasun baimena ezarri zutenetik, 2002tik, lehen aldia da epea luzatuko dutela. Frantziako Gizarte Segurantzaren aurrekontuan txertatuko dute erreforma, datorren urtean. Gaur egun, gobernuak 260 milioi euro bideratzen ditu horretara; 2021ean 520 milioi izango dira, eta 2022an, 780 milioi. 

Ikerketa batzorde batek haur baten bizitzako lehen mila egunen inguruko ikerketa bat egin du, eta horrek bultzatu du Paris legea aldatzera. Boris Cyrulnik neuropsikiatrak zuzendutako ikerketa horren arabera, orain ezarrita dauden hamalau egunak ez dira nahikoak aitaren eta haurraren artean lotura bat sortzeko.

Derrigorrezkoa?

Hala, Frantziak «gaian aurreratuen dauden bost herrialdeen pelotoian» sartu nahi du, gobernuko iturriek adierazi dutenez: Espainia, Finlandia, Norbegia eta Portugal daude zerrenda horretan. Horretaz gain, gobernua aztertzen ari da baimenaren zati bat derrigorrezkoa izatea, eta langileak hartu nahi ez badu 7.500 euro arteko isunak jaso ahal izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.