«Gaur, irailak 20, Unai Laso pilotariak Baiko Pilotako kide izateari utzi dio». Horrela iragarri du Baiko Pilota enpresak pilotariarekiko harremana eten duela. Enpresak adierazi duenez, pilotariak ez ditu onartu abuztuaren 12an Baikok eskaini zion kontratu berriaren baldintzak. Beste proposamen bat egin zion atzera jokalariak Baikori, baina enpresak ez zuen onartu azken hori. «Alde biak ez dira adostasun batera iritsi eta Unai Lasok ez du Baiko Pilotan jarraituko».
Enpresak «egoera ekonomikoa» aipatu du, eta ados jarri ez izana «sentitzen» duela gaineratu du. Pilotariari esan dio «ateak zabalik» dituela.
Enpresari jarrera aldatzeko eskatu ziotenen artean dago Laso. Enpresak gatazka du bere pilotari gehienekin. Lasok lan saria hobetzeko eskatu zion enpresari, azken boladan emaitzak asko hobetu dituelako.
Laso binakakoaren finalerdietan aritzekoa zen, Jon Ander Albisurekin. Enpresak ordezko bat topatu beharko du orain. Ez da ari Caixabank Mastersean.
Baikok itxaropen handiak jarri zituen Lasorengan. 23 urte ditu, kolpe bizia, eta buruz buruko lanetarako dohainak.