MIGRAZIOA

Irungo harrera sareak mila migranteri egin die harrera udan

Gurutze Gorriko dispositiboak hainbat migrante «diskriminatu» dituela salatu du harrera sareak, kanpoan utzi baititu horietako anitz: «Ez dago irizpide koherenterik». Europako Batasunak errefuxatuekiko duen «politika xenofoboa eta hiltzailea» gaitzetsi du boluntarioen taldeak, eta euskal erakundeei exijitu die «anbizio eta ardura handiagoarekin» jokatzeko.

Hainbat migrante, uda honetan, Irunera iritsi berritan. GARI GARAIALDE / BOSTOK PHOTO
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 17a
12:06
Entzun

Konfinamendua bukatu eta berehala jarri zuten berriro martxan Irungo harrera sarea, eta, ohar baten bidez jakinarazi dutenez, udan guztira pasaian ziren mila migranteri egin diete harrera bolunatarioek. Sarearen arabera, gehienak bakarrik etorri diren gizon gazteak izan dira, baita ume txikiekin etorritako emakumeak ere. Jatorriak: Ginea, Mali eta Boli Kosta, gehienbat; Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak ere anitz. Eta bidean Kanarietatik pasaturikoak, ia denak: «Ikusten denez, Afrikako migrazio bideak aldatuz doaz Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera», azaldu du Irungo harrera sareak oharrean.

Sareak salatu duenez, Gurutze Gorriko dispositiboan «irregulartasunak» ikusi dituzte, hainbat migranteri ez baitiete gaua han pasatzen utzi, irizpiderik gabe: «Ez dago irizpide koherenterik, eta, dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi». Ohartarazi dute, gainera, maiz egon dela lekua, eta halere kanpoan utzi dituztela migranteak: «Hainbat migratzaile diskriminatu dira, eta errekurtsoa ez da behar bezala erabili, diru publikoa modu desegokian xahutuz». Frantziako Poliziak ere «legez kontra» kanporatu ditu hainbat migrante, sarearen arabera.

Europaren politika «xenofoboa»

Harrera sareak nabarmendu du gatazka armatuak gora egiten ari direla Afrikan, eta horrek «kanporatze efektua» eragiten duela hango biztanleengan: «Presazko nazioarteko babesa beharko lukete». Espainiako Estatuak eta Europak «entzungor» egiten diete, ordea. Sareak gaitzetsi du «xenofoboa eta hiltzailea» dela Europako Batasunak errefuxiatuekiko ezartzen duen politika: «Izugarria da Moriako, Mediterraneoko eta Espainiako kostako kanpamentuetan nola tratatzen diren milaka eta milaka pertsona». Euskal erakundeei «exijitu» diete bete dezatela aurkeztu duten harrera plana, «oraingoan anbizio eta ardura handiagoarekin» jokatuta.

Herritarrei, bertzalde, deia egin diete parte har dezatela Zaporeak elkarteak Moriako errefuxiatuekiko elkartasunez antolatu dituen kultur ekitaldietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.