Eusko Jaurlaritza

Uriartek Jaurlaritzan jarraituko du, Urkulluren aholkulari gisa

Hezkuntza sailburu izan da aurreko bi agintaldietan, eta haren ordez Jokin Bildarratz izendatu zuten. Uriartek gobernuan jarraituko du, gaur aldizkari ofizialean jakinarazi dutenez.

Cristina Uriarte, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 16a
09:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Cristina Uriartek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak gobernuan jarraituko du. EAEko aldizkari ofizialean gaur argitaratu dute haren izendapenari buruzko erabakia: Lehendakaritzako aholkulari izango da, eta sailburuorde baten maila izango du.

Gobernuaren osaketatik kanpo geratu zen orain bi aste Uriarte —Jokin Bildarratz izendatu zuten Hezkuntza sailburu—. Uriarte Iñigo Urkullu lehendakariak fitxatu zuen Eusko Jaurlaritzarako, eta elkarrekin egin dituzte bi agintaldi. Politikaren arloan ibilbiderik egin gabea zen Uriarte, nahiz eta ardura postuak izanak zituen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Aldizkari ofizialean ez dute zehaztu zer arlotan arituko den aurrerantzean Uriarte.

Uriarterena ez da kasu bakarra. Jonan Fernandezek, aurreko agintaldietan Bake eta Bizikidetzako idazkari izan denak, Lehendakaritzan jarraituko du aurrerantzean: Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako ordezkaria izango da —bizikidetzarekin lotutako gaiak aurrerantzean ez dira Lehendakaritzan egongo, baizik eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailean—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.