Natura

Sits inbaditzailea Iruñea okupatzen ari da berriz

Ezpel-sitsaren egoera Nafarroan «kontroletik at» dagoela salatu du talde naturazale batek.

Ezpelaren sitsaren milaka ale, Iruñeko Ezkaba auzoko atari batean, bart. NAFARROAKO BASOZAINAK
Edu Lartzanguren.
2020ko irailaren 15a
18:09
Entzun

Bideo bat plazaratu dute gaur Nafarroako Basozainek. «Halako itxura zuen bart Iruñeko Ezkaba auzoko atari batek». Bideoan etxe bateko atari bat agertzen da, kaleko argi batek argiztatuta, eta haren inguruan hegan, eta lurrean hilda, milaka zomorro, tximeleta modukoak.

Ezpel-sitsa -Cydalima perspectalis- du izen zomorro hegalariak, eta basozainek ohartarazten dutenez, espezie exotiko inbaditzailea da. Ezpelen izurria da, eta hortik datorkio izen. Kalte handia egiten die zuhaitzei: harrek zuhaitzaren hostoak jaten dituzten, baina ezpalari ere eragiten diotenez, landarea lehortu eta hil dezakete.

«Ezpel-sitsaren egoera kontrolez kanpo dago Iruñerrian», idatzi du tximeletak babesteko Zrynthia elkarteak. Taldeak kontrolerako gune bat du Ilundainen, eta hura sitsez erabat estalita dagoela erakutsi du argazki baten bidez. «Kalkulatu dugu 50.000 ale gau bakar batean». Elkartearen arabera, sitsa Europako ezpelak suntsitzen ari da. «Hegazti batzuk jan egiten dituzte sitsok, baina, horrenbeste daudenez, ezin dute izurria kontrolatu».

Beroarekin areagotu egiten da populazioa, eta sitsak bizpahiru kumaldi izan ditzake urtean, leku epeletan. Nafarroaren iparraldean, sitson erasoa pairatzen ari dira ezpelek azken zazpi urteotan.

Asiako ekialdeko espeziea da berez, hau da, Txina, Japonia, Koreakoa. Europan 2006. urtean atzeman zuten lehen aldiz. Gero, Suitza, Herbehereetan zabaldu zen, eta, ondoren, Europa osoan. Kanadara ere heldu ziren 2019. urtean.

Nafarroako Gobernuak iaz egin zuen zomorroaren inguruko txosten bat. Horretan ondorioztatu zutenez, Txinako produktuak ekartzen zituen enpresa baten inguruan atzeman zuten Europan lehen aldiz. Besteak beste, Asiako ezpelak inportatzen zituen enpresak, eta sitsarekin kutsaturik zeuden ale batzuk ekarri zituzten.

Euskal Herrian 2015. urtean atzeman zuten lehen aldiz, Bidasoa aldean, baina litekeena da lehenagotik ere ibiltzea hemen. Izan ere, ezpelak leku malkartsu eta zailetan hazten ohi dira, eta horregatik da zaila izurria atzematea eta haren kontra borrokatzea.

Iaz ere sumatu zuten sitsa Iruñean, eta ikusten hasi ziren hiriburuaren inguruko basoetako ezpeletan hosto galtze larriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.