Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea, puntuz puntu

Erorien Harana, artxiboko irudi batean. MARISCAL / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko irailaren 15a
17:19
Entzun

Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua aurkeztu du gaur. Orain arte indarrean zegoen Memoria Historikoaren Legearekiko hainbat aldaketa izango ditu. 1936ko estatu kolpetik hasi eta 1978ra bitarteko epea hartzen du, eta urte horietan «arrazoi politiko eta erlijiosoengatik, eta sexu identitateko edo orientazioko arrazoiengatik» nolabaiteko «jazarpena edo biolentzia» jasan zuten biktimei errekonozimendua aitortzea du helburu. Horrez gain, testuak barne hartzen du 1936ko estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren «gaitzespena» ere. 66 artikulu ditu, hainbat ataletan banatuta. Puntu garrantzitsuenak aztertu ditu BERRIAk, lau ataletan banatuta.

1. Biktimak

- Biktima izendapena nazioarteko giza eskubideen parametroen arabera definituko dute, eta jasanikoaren «errekonozimendu eta erreparazio dokumentu bat» jasoko dute horiek.

- Gerra Zibilean eta diktadura garaian «frankismoko errepresio organoek» ezarritako zigor guztiak «baliogabetzat» joko dira. Izan ere, lege berriak «legez kontrakotzat» joko ditu organo horiek.

- Urriaren 31 biktimak omentzeko eguna izendatuko dute,1978ko egun hartan onartu baitzen Espainiako Konstituzioa. Era berean, «Gerra Zibilaren eta Diktaduraren eraginez erbestearen biktima» izandakoak omentzeko eta gogoratzeko eguna izendatuko dute maiatzaren 8a.

- Gerraren eta diktaduraren biktimen errolda bat egitea onartuko dute, «behartutako desagerpenen inguruko informazioaren sakabanaketari eta zatiketari erantzuteko».

2. Memoria demokratikorako politikak 

- Legearen arabera, desagertutako herritarren bilaketa lana estatuari dagokio, baina «gainerako administrazio publikoek dituzten eskumenei kalterik egin gabe». Hala, Espainiako Gobernuaren pean geratuko lirateke, besteak beste, hobien mapa bat osatzeko eta desobiratzeak egiteko protokoloa zehaztu eta horiek aurrera eramateko baimenak emateko eskumena.

- Fiskaltza espezializatu bat sortuko dute 1936. eta 1978. urteen artean gertatutako «giza eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketak ikertzeko. Erakunde horrek urraketen biktimak bilatzeko «bultzatzaile» lanak egingo ditu.

- Indarrez kendutako ondasunen inguruko ikerketa bat bultzako dute, eta beste bat behartutako lanak egin zituztenei aitorpena egiteko helburuarekin.

- Gerraren edo diktaduraren eraginez erbestera joan zirenen ondorengoek espainiar herritartasuna eskuratzeko aukera izango dute. Gauza bera egiteko aukera izango dute nazioarteko brigadetan parte hartu zutenek ere.

- Erakunde publikoek «beharrezko neurriak» hartu beharko dituzte «memoria demokratikoaren aurkako sinbolo eta elementu publikoak» kaletik kentzeko. Era berean, hainbat neurri hartuko dituzte «altxamendu militarraren, 36ko gerrarem edo diktaduraren» gorespena helburu duten egitasmoak eragozteko. Hala, indargabetu egingo dituzte Francok emaniko noblezia tituluak eta sariak.

- Euren helburuen artean «frankismoaren apologia» edo «frankismoaren biktimen aurkako biolentzia edo gorrotoa» dituzten erakundeei zuzendutako «egitasmoak» egingo dituzte. Proposamenaren zirriborroan, horiek legez kanpo uzteko aukera adierazten zen; esaterako, Francisco Franco fundazioa.

- Erorien Haranari erabilera «pedagogiko bat» eman beharra azpimarratzen du legeak, eta han hilobiratuta daudenen gorpuak berreskuratzeko eskubidea aitortzen die senideei. Eliza nagusiaren alboetan dauden hilobietan «36ko gerraren eraginez hildako pertsonak» bakarrik egongo dira. Hala, basilikan leku «berezitu bat» duen gorpu oro mugituko da. Horien artean leudeke Jose Antonio Primo de Riveraren gorpuzkiak.

3. Memoriaren aldeko mugimendua

- Memoria historikoaren alde lan egin duten erakundeen lana eskertzeko asmoz, erregistro bat sortuko du Espainiako Gobernuak. Erakunde horiek, gainera, sortuko den Memoria Demokratikorako Kontseiluaren aholkulari izango dira.

4. Zigorrak

- Legearen artikuluak errespeta daitezen, zigorrak ezartzea ere aurreikusi du Madrilek. Hala, 200 eta 150.000 euro arteko zigorrak ezarriko ditu, «biktimen defentsa eta balio konstituzionalen duintasuna espazio publikoan errespeta daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.