Tenperatura mailak neurtu eta datua gordetzen denetik, 2020koa izan da udarik beroena ipar hemisferioan. Uda oraindik amaitu ez den arren, ondorio horretara heldu da Munduko Meteorologia Erakundea. NOAA AEBetako Ozeano eta Atmosferako Administrazio Nazionalaren datuak erabili dituzte kalkulua egiteko.
Ondorioztatu dutenez, ekainaren eta abuztuaren arteko tenperatura batezbestekoa baino 1,17 gradu beroagoa izan da. Orain arte, udarik beroenak 2016 eta 2019koak ziren. Nabarmendu behar da inoizko bost udarik beroenak azken bost urteetakoak izan dira.
Ipar hemisferioan inoizko uztailik beroena izan dela nabarmendu du NOAAk, eta, planeta osoa kontuan hartuta, bigarren beroena.
Uztaileko batez besteko tenperatura planeta osoan 16,72 gradukoa izan da. Kontuan hartu behar da hego hemisferioan negua dela ipar hemisferioan uda denean. Hau da, ia gradu bat beroagoa izan da (0,92) XX. mendearen batez bestekoarekin parekatuta.
Baina zenbakiak are larriagoak dira lehorraren gaineko tenperatura gehitzen bazaio itsas gainekoari. Orduan, 1,18 altuagoa izan da, batezbestekoarekin parekatuta. Inoiz ez da halako zenbaki handirik neurtu.
Urterik beroenetan bigarrena, oraingoz
Udako ondorioak atera dituzte, baina nola doa urtea orain arte? Mundu osoko lur eta itsaso gaineko tenperatura 14,85 gradura heldu da, inoizko beroenetan bigarrena izan da, eta 1,05 gradu ibili da XX. mendeko batez bestekoaren gainetik. Marka 2016. urteak du oraindik.
Udan kliman jazotako gertaera batzuk nabarmendu dituzte klimatologoek. Artikoko izotzaren zabalera inoizko txikiena izan da uztailean, 1981-2010 urteen batezbestekoa baino %23,1 txikiagoa. Iazkoak zuen txikienaren marka, baina aurten Vietnamen tamainaren adinako eremu bat galdu du izotzak.