Arbonako herriko bozak berriz egitea erabaki lezake epaileak

Gaur aztertu dute Arbonako (Lapurdi) zerrenda abertzaleak Paueko Administrazio Auzitegian ezarritako helegitea. Zortzi egunetara emanen dute erabakiaren berri.

jarraia186941.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 15a
17:03
Entzun

Herriko bozen lehen itzuliko albisteetako bat izan zen: Arbonako (Lapurdi) zerrenda abertzalea baliogabetu egin zuten, boto paperetan ez zelako ageri zerrendako kide batek espainiar herritartasuna duela. Biharamunean erabakiari helegitea ezarri zioten abertzaleek, eta gaur aztertu dute afera Paueko Administrazio Auzitegian. Zortzi egunetara emanen dute erabakia. Abertzaleek uste dute haien aldeko erabaki bat izan litekeela.

«Suprefeturan behar bezala aurkeztu genituen dokumentuak, baina boto paperetan ahantzi genuen», azaldu du Zigor Goieaskoetxea Hats berri bat Arbonari zerrendako kideak. «Espainiar nortasun agiria dut, baina ez naiz espainola. Naturalki egin genuen». Zerrenda abertzaleko kideen ustez, Marie-Josee Mialocq auzapezaren zerrendakoak lehenago ohartuak ziren huts egiteaz, baina azken momentura arte itxaron zuten egoera salatzeko. «Hasieran ez zuten kontaketa egin nahi izan, zuzenean hauteskunde emaitza egokitu nahi izan zuten haien abantailara, boto paperak kontatu gabe», azaldu du Goieaskoetxeak. «Guk bozak kontatzeko eskatu genien, eta adostasun batera iristea proposatu genuen: garaile ateratzen baginen, salaketa jartzen zuten, eta galtzaile baginen, oposizioan zegozkigun lekuak uzten zizkiguten». Mialocqen taldeak ez zuen onartu, eta suprefeturara deitu zuten salaketa ezartzeko. «Funtsean, Arbonako herritarrak izan dira kaltetuak», deitoratu du Goieaskoetxeak.

Gaurko auzi saioan, zerrenda abertzalearen argumentuen alde agertu da Paueko Administrazio Auzitegiko txostengilea. Hondarrean, Arbonako herriko bozak berriz egin behar direla erabaki lezake epaileak. Lehen itzulian 530 bozka lortu zituen Marie Josee Mialocq gaurko auzapezak; 416 Beñat Arla buru zuen zerrendak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.