Memoria historikoa

Frankismoaren epaiketa sumarioak baliogabetu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Memoria historikoaren lege berriaren egitasmoan agertzen da neurria; aurki bidaliko dute Kongresura

Frankismoaren biktimei egindako omenaldi bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 15a
15:31
Entzun

Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak memoria historikoaren lege berriaren aurreproiektua onartu du, eta hainbat aldaketa sartu ditu egun indarrean dagoen legearekin alderatuta. Hasteko eta behin, izena bera ere aldatu nahi diote legeari, eta, gobernuaren proposamenak aurrera egiten badu, Memoria Demokratikoaren Legea izango litzateke aurrerantzean. Baina bestelako aldaketak ere aurreikusi dituzte: esaterako, frankismoaren pean egindako epaiketa sumario guztiak baliogabetzat jotzeko asmoa dute.

Lege egitasmoaren arabera, Auzitegi Gorenean fiskaltza berezi bat sortu nahi dute, biktimei justizia eta erreparazioa emateko lanak koordinatzeko. Oraindik desagerturik dauden frankismoaren biktimen gorpuak topatzeko lanak indartu nahi dituzte: baliabide gehiago bideratuko dira zeregin horretarako, eta DNA banku bat sortuko da, biktimak identifikatzeko lanak errazte aldera.

Beste berrikuntza garrantzitsu bat dakar lege egitasmoak: horren bidez, Francisco Franco fundazioa legez kanpo utzi nahi dute, eta «diktadurak goresten dituzten bestelako elkarte eta guneak» ere debekatuko dituzte.

Erorien Harana «hilerri zibil» bilakatu nahi dute, eta orain arte faxismoaren ikur izan denari «bestelako esanahi bat» eman nahi diote, Espainiako Gobernuaren lehen presidenteorde Carmen Calvok azaldu duenez, baina ez du argitu zertan gauzatu den «esangura berri» hori. Edonola ere, etorkizunean aztertu beharreko auzi bat dela esan du Calvok.

Isunak legea urratzen dutenentzat

Lege berrian zigorrak aurreikusiko dira araua betetzen ez dutenentzat. Urratze arinak egiten dituztenek 200 euroko isunak jaso ditzakete, baina urratze oso larrien kasuetan –adibidez, hobi komunak hondatzea, memoriarako gune eta oroitarriei eraso egitea, eta frankismoa goratzea biktimak «larriki gutxietsiz»– isunak 150.000 eurokoak ere izan daitezke.

Erreparazioaren arloan, beste neurri deigarri bat iragarri dute: 1936ko gerran Espainiako Errepublikaren alde Nazioarteko Brigadetan borrokatu ziren atzerritarren ondorengoek espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukera izango dute.

Espainiako Gobernuak 2007an onartutako Memoria Historikoaren Legea osatu eta gaurkotu nahi dute Memoria Demokratikoaren Lege berri honen bidez. Ministroen Kontseiluan aurreproiektua onartu ostean, orain Kongresura eraman beharko dute, eta legea aurrera ateratzeko beharrezkoak diren babesak lortu.
Edonola ere, Calvok ohartarazi du lege berria gauzatzeko prozesua «luzea» izango dela; horregatik aurreikusi dute lau urteko plangintzak egitea, eta epe horretan lortu beharreko helburuak eta erabili beharreko baliabideak zehaztea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.