Gaur jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluak onartu berri dituen kargu publikoen uzteak eta izendapen berriak. Horien artean, Joxean Muñozek Kultura sailburuorde izateari utziko diola iragarri du, eta Andoni Iturbek hartuko duela haren ordez kargua. Hala ere, Muñoz lantaldeko kide izango da, aholkulari postuan. Erabaki horrekin, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kulturako sailburuordetza indartu nahi izan du, Jaurlaritzaren esanetan, «eskarmentu handiko bi izendapen batuz, datozen erronkei modurik onenean heltzeko». Bingen Zupiria Kultura sailburuak Jaurlaritzaren bozeramaile lanak hartu izanak ere eragin zuzena izan du taldearen berrantolaketan.
Bizkaiko Foru Aldunditik helduko da Iturbe Jaurlaritzara (Zornotza, Bizkaia, 1967). Deustuko Unibertsitatean Historia eta Geografian lizentziatu zen, eta 1993. urtean hasi zen aldundian lanean. Ia hogei urtez kultur proiektuen zuzendaritzan aritu zen, 2004tik 2017ra bitartean Kultur Ondarearen Zerbitzuko arduraduna izan zen, eta ordutik saileko zuzendaritza orokorrean aritu da, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturarako diputatuaren taldean.
Muñozek (Donostia, 1957) bi legealdi egin ditu Kultura sailburuordetzan. 2012an hartu zuen kargua, Cristina Uriarte orduko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak zuzendutako taldearen barruan, eta hala jarraitu du azken lau urteetan Bingen Zupiria sailburuaren ondoan.