Fosfanoa aurkitu izanak esan nahi du bizia dagoela Artizarrean? Aurkitzaileek eurek ohartarazi dutenez, baieztatuz gero ere, horren zantzua ez litzateke biziaren «froga sendoa».
Aurkikuntza Nature Astrophisics aldizkarian argitaratu dute zientzialariok. Adierazi dutenez, fosfanoa atzematea zantzu ona da nonbaiten biziarekin loturiko prozesu biologikoak gertatzen ari direla. Beste astrofisikari talde batek berriki baieztatu du harrizko planeta batean fosfanoa aurkitzeak itxaropen handia pizten duela han bizia aurkitzeko.
Izan ere, Lur planetako atmosferan dagoen fosfanoa «bakarrik gizakien aktibitatearekin edo mikrobioak egotearekin dago lotuta». Harrizko planetetan, azkar suntsitzen da, eta, beraz, ez da haien atmosferan pilatzen.
Fosfanoa atzemateko helburu argiarekin, bi urtez landu dute Galesko zientzialariek Artizarraren atmosfera, James Clerk Maxwell eta Txileko Atacamako basamortuko ALMA teleskopioekin.
Artizarreko atmosferako goiko geruzak behatu zituzten, han daudelako Lurrean fosfanoa sortzen duten «ekosistemen nolabaiteko antza duten baldintzak». Eta horietan topatu dituzte gasaren zantzuak.
Han fosfanoa egotea ezin dute azaldu Artizarren ohiko prozesu kimikoak aztertuta, eta oraindik ez da ezagutzen hura sortzeko prozesu biologikorik han, edo azalean sortzeko biderik, tximistetatik, sumendietatik edo meteoritoetatik. Beraz, «ezagutzen diren prozesu kimikoek ezin badute azaldu PH3a egotea Artizarraren goi atmosferan; orduan, orain arte Artizarreko baldintzetan posibletzat jo ez den beste prozesu batek sortu behar du. Hori fotokimika edo geokimika ezezagunak izan daitezke, edo, beharbada, bizia». Informazioa falta dela ohartarazi dute zientzialariok.
Ohartarazi dutenez, Artizarraren atmosferako tanten fotokimika ia erabat ezezaguna da; hau da, ez dakite nola erreakzionatzen duten tantok Eguzkiaren argiarekin. Beraz, badago hor aukera bat PH3 gasa horrela sortzeko.
«Baieztatzen bada ere, nabarmendu nahi dugu PH3a atzeman izana ez dela biziaren froga sendoa, baizik eta azaldu gabeko kimika anomaloarena». Halere, aukera zabalik utzi nahi izan dute. Eredu eta esperimentu gehiago egiteko beharra dagoela gaineratu dute, bizia ote dagoen jakiteko, eta hoberena Artizarra berriz bisitatzea litzatekeela, bertan aztertzeko.
«Ez gara hain arraroak»
Aurkikuntza «garrantzitsua» dela esan du Miren Millet fisikariak eta Eureka museoko planetarioko arduradunak. Gogoratu duenez, badira urteak zientzialariek buruan darabiltela ideia bat: Artizarraren azalean zaila da bizia egotea, presio eta tenperatura oso handiak daudelako. Baina, atmosferaren goiko geruzetan, Lurrean dagoen giroaren parekoa da, presio eta tenperatura aldetik. «Azido sulfurikoz daude osatuta hodeiok, eta Lurrean topatu dituzte azido sulfurikoak bizi diren bakterioak», esan du Milletek.
Ustekabe puntu bat badu albisteak, orain arte Eguzki Sisteman bizia egoteko hautagai nagusiak beste batzuk baitziren: Jupiterren Europa satelitea, edo Saturnoren Entzelado. «Bizia agian ez da horren arraroa», adierazi du Milletek. Pozik dago fisikaria aukerarekin: «Hobe gehiago izatea unibertsoan, eta jakitea gizakiok ez garela sortu halako prozesu arraro baten ondorioz».