Zaporeak elkarteak hau iragarri du sare sozialetan: datorren larunbatean, eguerdiko 12:00etan, musika eta hitzen emanaldia egingo dute, «larrialdiko emanaldia». Ez dute esan non, baina laster informazio gehiago emango dutela iragarri dute.
Elkarteak aurreratu duenez, Mursego, Amets Arzallus, Anari, Harkaitz Cano, J Martina, Jule Goikoetxea, Juantxo Arakama, Beñat Gaztelumendi, Ibon RG, Maialen Lujanbio eta Jose Luis Otamendi arituko dira emanaldian.
Joan zen ostegunean, suak suntsitu egin zuen Lesbos uharteko (Grezia) Moria kanpamendua. Zaporeak-ek hartu zuen ardura bizitokirik gabe geraturiko milaka errefuxiatuei jaten emateko, beste hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin batera.
Baina lana are gehiago zaildu zaio erakundeari azken egunotan. Izan ere, kideek harreman zuzena izan zuten COVID-19a atzeman dioten lagun batekin. Horren ondorioz, sukaldea itxi, eta berrogeialdia egin behar izan dute, PCR proba egin bitartean.
Atzo, ordea, albiste on bat heldu zen: Zaporeak-en lan talde guztiak negatibo eman zuen testetan. Azaldu zutenez, protokoloaren arabera, bihar arte egon beharko dute bakarturik, bigarren PCR proba egin arte. Berriz negatibo ematen badute, sukaldera itzuliko dira asteazkenean. Bitartean, lanean jarraitzen dute, elikagaiak eta ura banatzen dabiltzan beste erakundeei laguntzen.
«Laguntza behar dugu», adierazi zuten mezu berean, eta hainbat bide eskaini zituzten dirua jasotzeko.