Neurri «arinak» iragarri ditu Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak

Ipar Euskal Herria «zona gorria» izendatzea erabaki zuen atzo Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak. Egoera okertuko balitz neurri «zorrotzagoak» hartuko dituela abisatu du prefetak.

Maskararen erabilpena derrigorrezkoa da hainbat herritako erdiguneetan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 12a
12:04
Entzun

Neurri «arin» batzuk dira, «azken abisua», nabarmendu du Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak. Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluak departamendua birusaren Zirkulazio Zona Aktibo izendatu ondotik, egoeraren aitzinean hartu dituen erabakiak azaltzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean. «Nire hautua izan da birusaren kontrako borrokarekin segitzea, bizitza sozial, kultural eta ekonomikoa zalantzan jarri gabe. Erabaki ditudan neurriak gutxienekoak dira», adierazi du. Haatik, osasun egoera okertzen bada «neurri zorrotzagoak» ezarriko dituela abisatu du. «Kontratu morala egin nahi dut herritarrekin; haiengan konfiantza dut neurriak errespetatzeko».

Maritxu Blanzaco Eskualdeko Osasun Agentziako Pirinio Atlantikoetako departamenduko ordezkariak eman ditu egoera epidemiologikoari buruzko datuak. Azaldu du birusaren zirkulazioa «mugatua» izan dela udan zehar, eta «gorakada bat» gertatu dela agorril bukaeran. «Intzidentzia tasa anitz emendatu da»; horregatik erabaki du Frantziak departamendua eta, beraz, Ipar Euskal Herria «zona gorrira» pasatzea. Asteazkenean, 100.000 biztanleko 51,2 kasu zeuden Pirinio Atlantikoetako departamenduan; atzo, 57,2. Lapurdi kostaldean dabil nagusiki birusa, Blanzacoren arabera, eta 14-15 agerraldi lirateke Ipar Euskal Herrian zehar. Baionako ospitalean gaixo bat dago suspertze unitatean.

«Zona gorrira» pasatzearen ondorioz, publikoari harrera egiten dioten eraikinetan urruntze fisikoa atxiki beharko da hemendik aitzina jende taldeen artean, eta prefetak ez du gehiago salbuespenik ematen ahalko 5.000 pertsona baino gehiagoko ekitaldientzat. Horrez gain, neurri berezituak hartzeko botere gehiago izanen du orain.

Haatik, Frantziako Defentsa eta Segurtasun Kontseiluaren erabakia ez da oraindik Frantziako Egunkari Ofizialean argitaratua izan. Bihar argitaratuko dutela iradoki du Spitz prefetak, eta beraz astelehenetik aitzina izanen duela balio juridikoa. Horrek, asteburu honetan iragatekoak diren ekitaldietan eragin zuzena izanen du. Gaur gauean Baionako Aviron Bayonnais errugbi taldearen partidua jokatuko da Baionan, eta 6.000 ikusle izanen dira; partida denboran, ostatua irekia izanen da, baina partida ondorenean, ez. «Bakoitzak bere lekuan kontsumitu beharko du», adierazi du prefetak.

Maskara, baitezpadakoa

 

Eric Spitzek adierazi duenez, «zona gorrira» pasatzeak maskararen erabilpenean izanen du bereziki eragina. Orain arte, Lapurdiko zenbait herritako —Baiona, Miarritze, Bidarte, Ziburu, Ezpeleta, Getaria, Donibane Lohizune— eta Donibane Garaziko erdiguneetan baizik ez zen baitezpadakoa maskaren erabilpena. Hemendik aitzina, Hendaia, Hiriburu, Bokale eta Angelu gehituko zaizkie herri horiei. Halaber, goi mailako irakaskuntzako ikastetxeetan, kirol estadioetan eta kaleko merkatuetan ere baitezpadakoa izanen da. «Neurria errespetatzen ez duenak 135 euroko isuna izanen du; hamabost eguneko epean errepikatzen bada, 1.500 eurokoa», abisatu du prefetak.

 

Azken asteetan, hainbat prozedura ireki dituzte «konsignak errespetatzen» ez zituzten ostatu batzuen kontra. Spitzen hitzetan, orotara 44 prozedura ireki dituzte Ipar Euskal Herrian —nagusiki Baiona inguruan—, 19 ostaturi abisua eman diete, eta zazpi ostatu ixtea erabaki dute. Hemendik aitzina, kirol taldeek haien egituretan dituzten ostatuak itxiak izanen dira, eta aldagelak osasun protokolo zorrotzak errespetatuta baizik ez dituzte irekitzen ahalko. Prefetak erran duenez, ez du aurreikusten joan-etorriak murriztea, «ezta epe ertainean ere».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.