Euskal Preso Politikoen Kolektiboak uste du Igor Gonzalez Solaren heriotza euskal presoak «politikoki eta pertsonalki suntsitzeko espresuki prestatutako politikaren ondorio zuzena» dela, eta espetxe politika «gizagabe» horren «arduradun zehatzei» eskatu die «alboratzeko» egungo eredua: «Behin gehiengoaren adostasunak lortuta, abia ditzatela preso guztiok kaleratzeko urratsak».
Gonzalez Solak bizitako espetxealdia ekarri du gogora presoen kolektiboak: «Hamabost urteko espetxealdian hainbat kartzeletan eduki zuten preso, eta zigorraren hiru laurdenak ongi beteak zituen arren, gaixotasun larria zuen arren, aspaldian kalean egon behar zuen arren, espetxean atxiki nahi izan dute heriotzara arte, krudelkeria zitalena erabiliz».
Ohar batean, EPPK-k azaldu du COVID-19aren eraginez espetxeetan hartutako neurriek kalte egin dietela presoen eskubideei; presondegietan egoera «dramatikoa» dela ohartarazi du. Horregatik, uste du egungo osasun testuinguruan «preso guztiak bakoitza bere herrialdean egotea» dela «zentzuzkoena», eta, horien kasuan, Euskal Herrian egotea dela «bidezkoena».
EPPK-ren oharra bihar argitaratuko du BERRIAk osorik.