Koronabirusa

Eudelek eskatu du ezohiko funtsak udal guztietara iristeko

Tokiko erakundeek finantza baliabide nahikoak izan ditzatela eskatu dute Eudeleko batzorde eragileko alkateek agiri batean. Udalek osasuna, ongizatea eta ekonomia babesteko duten eginkizuna aldarrikatu dute.

Gorka Urtaran Eudeleko presidentea. MITXI
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 10a
12:28
Entzun

Eudeleko Batzorde Eragileko alkateek adierazpen bat sinatu dute koronabirusak sortutako egoeraren harira, eta gizarteari eta erakundeei mezu bana helarazi diete. Batetik, azpimarratu dute, udalak euskal erakunde sisteman «giltzarri» izanik, eskubidea dutela «Euskadiren susperraldian eta eraldaketan» parte aktiboa izateko, eta baita finantza baliabide nahikoak izateko ere, Toki Erakundeen Legean aurreikusitakoari jarraikiz. Osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta familia eta enpresa ekonomia babesteko udalek duten «ezinbesteko eginkizuna» aintzat hartzea aldarrikatu dute, eta, horri lotuta, Europak eta Espainiako Gobernuak aurreikusitako ezohiko funtsak udal guztietara irits daitezen eskatu dute. Horri loturik, Eudelek ohartarazi du udalek ezin dutela «bereizketarik» jasan finantzaketari dagokionez.

Gizarteari ere mezua bidali diote alkateek. Azpimarratu dute koronabirusak sortutako egoera «zail eta konplexuan» ezinbestekoa dela udal eremuko eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa. Kolektibo ahulenekiko «solidario» izateko ere eskatu diete herritarrei. «Guztiok lagun dezakegu udalerriak ingurune osasungarriak eta seguruak izan daitezen, batez ere pertsona eta kolektibo ahulenentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.