Migratzaileak. Moria

Zutik geratzen zen guztia erre da Moriako kanpamentuan

Lesbosko herritar batzuek errepideak blokeatu dituzte, Moria berreraikitzen hasteko. Migratzaile gehienek kanpamentuaren inguruan jarraitzen dute, aterperik eta edatekorik gabe; Greziako Gobernuak hitzeman du gaur guztiei aterpea emango diela.

Iñaki Agirre, Moria - Paulo Ostolaza
2020ko irailaren 10a
12:04
Entzun

Denbora kontua zen. Astearte gauean piztutako suak Moriako kanpamentuaren %70 erre zuen, Freziako Lesbos uhartean, eta bart gauean geratzen zen guztia erre du beste sute batek. Sutetik ihesi, han bizi diren 12.000 errefuxiatuen zati handi batek kanpamentutik alde egin zuen, baina Poliziak errepideak itxi zizkien, eta oraindik ere errepidean daude gehienak.

Ez dute urik eta aterperik, eta krisi humanitarioa gero eta larriagoa da Europako errefuxiatu kanpamenturik handienean. Zaporeak GKEak janaria banatu du gaur goizean; haien arabera, migratzaileak erabat abandonatuta daude. Bestalde, kanpamentua berreraikitzen hasteko, Lesbosko herritar batzuek errepideak blokeatu dituzte kamioi batzuekin, gobernuaren ibilgailuei igarotzen ez uzteko.

Greziako Gobernuak atzo arratsalderako lekualdatu zituen 3.000 migratzaile inguru, eta Notis Mitarakis Migrazio Ministroak hitzeman du migratzaile guztiei jarriko dietela lo egiteko aterpe bat gaur gauerako. Ministerioaren arabera, egunean zehar beharrezkoa den guztia egingo dute migratzaileak «bereziki diseinatutako espazioetara eramateko». Mitarakisek azaldu duenez, hauek dira espazioak: Lesbosera eraman dituzten hiru itsasontzi eta beste kanpamentu batzuetatik eramandako karpa batzuk. Normalean, luzeak izaten dira migratzaileak ontziratzeko prozesuak, eta ikusteko dago konponbide horrek balio izango duen ala ez.

Sei hilabetez itxita

Errefuxiatuak martxoaren 22tik egon dira kanpalekutik atera ezinda, bakartze egoera ezarria dagoelako. Izan ere, egun batzuk lehenago atzeman zuten Lesbos irlako lehen koronabirus kasua, kanpalekutik kanpo. Orduan, gaitzak eragin zitzakeen arriskuez ohartarazi zuten gobernuz kanpoko erakundeek.

Kanpamentuan, 35 koronabirus kasu baieztatu zituzten asteartera arte. Orduan, kanpamentuko arduradunek 125 laguni berrogeialdia ezarri zieten, azalpenik eman gabe; segurtasun indarren jarrerak haserrea piztu zuen, eta protestak sortu zirenean piztu ziren sute txikiak ere kanpalekuko zenbait gunetan.

Mitarakisek xantaia egitea egotzi die errefuxiatuei, eta esan du kanpamentutik atera ditzaten piztu dituztela suak. Azpimarratu du beharrezkoa dela Lesbosen egitura itxi eta seguru bat izatea migratzaileentzat, baina ez dirudi uharteko agintariek hori begi onez ikusten dutenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.