Klima krisia

Hurrengo bosturtekoan ezagutuko du munduak 1,5 graduko berotzea

NBEk eta Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi dute COVID-19aren pandemiak ez duela eraginik izango klima aldaketa geratzeko

Andy Rain / Efe. EXTINCTION REBELLIONEK GAUR LONDRESEN EGINDAKO PROTESTA.
inaki petxarroman
2020ko irailaren 9a
15:50
Entzun

COVID-19aren pandemiak bolada batez berotegi gasen isurketak gutxitu bazituen ere, egoera hori atzera ere aldatzen ari dela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Klima krisiari aurre egiteko, beraz, pandemiak ez duela balio ohartarazi die NBEk herrialdeei. Areago, kezkatuta agertu da gobernuen kezken zerrendatik aldendu egin delako arazo larri hori.

Aitzitik, egoera larriagotzen ari dela jakinarazi dute gaur Munduko Meteorologia Erakundeak eta NBEk txosten baten bidez. Atmosferan inoizko berotegi gas gehien dago oraintxe pilatuta, udaberrian errekor bat izan ostean. Halaber, 2016-2020 bosturtekoa segur aski inoizko beroena izango dela ohartarazi du, industria aurrekoa baino 1,1 gradu beroagoa eta aurreko bosturtekoa (2011-2015) baino 0,24 gradu beroagoa. “COVID-19aren pandemiak mundu osoko pertsonen bizitza aldatu du, baina planetaren berotzea eta klima aldaketa aurrera doaz, inolako oztoporik gabe”, adierazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.

Isurketak, goranzko bidean

Munduko Meteorologia Erakundeak eta NBEk egindako ikerketaren arabera, 2020an %4 eta %7 artean gutxituko dira berotegi gasen isurketak, 2019koen aldean, bereziki herrialde askotan ezarritako derrigorrezko etxeratze neurrien ondorioz. Alabaina, apirilean izandako %17ko jaitsierari berehala eman diete buelta herrialdeek, eta, oraindik datu ofizialik ez egon arren, ekainerako, 2019ko isurketen mailan zeudela jakinarazi dute. Nazioarteko agentzia askoren datuen bilduma bat da United in Science ikerketa. Hala, aurreikusten du 2020an izango den gas isurketen jaitsierak ia ez duela inolako ondoriorik izango atmosferan pilatuta dauden gasak gutxitzeko. Horretarako, isurketak etengabe gutxitu behar direla gogorarazi dute, zero garbira heldu arte.

Egoera horri buelta eman ezean berehalako ondorio kezkagarri bat etorriko dela jakinarazi dute ikerketan: hau da, 2021-2025 bosturtekoan (gutxienez urte batez), Parisko Akordioak eragozteko asmoa daukan 1,5 graduko berotzea ezagutuko du munduak. Izotzen urtzea eta itsas mailaren igoera handitzen eta azkartzen ari dela ere abisatu du txostenak. COVID-19aren pandemiak klima krisian ondorio gutxi izango badu ere, datuen bilketa eragotzi duela nabarmendu dute, zenbait tokitan ezinezkoa izan baitzaie zientzialariei derrigorrezko etxeratze aldi horretan haien jarraipena behar bezala egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.