Eten egin behar izan dute Oxfordeko Unibertsitatearekin batera AstraZeneca konpainia lantzen ari den txertoaren ikerketa

«Azalpenik» atzematen ez dioten eritasun bat agertu zaio ikerketan parte hartzen den pertsonetako bati, eta horregatik erabaki dute atzera egitea.

Txertoa probatzen, Johannesburgon (Hego Afrika). SIPHIWE SIBEKO / EFE
arantxa iraola
2020ko irailaren 9a
09:54
Entzun

COVID-19ari aurre egiteko txerto bat lortzeko bidean, beti nabarmendu da, ikerketa prozesuan dauden proiektuen artean, Oxfordeko Unibertsitatea AstraZeneca botika konpainiarekin batera garatzen ari dena; atzo ikerketaren arduradunek adierazi zuten, ordea, eten egin behar izan dutela, parte hartzen ari den pertsona bat eritu egin delako: «azalpenik» atzeman ez dioten gaitz bat duela adierazi dute.

Konpainiako arduradunek esplikatu dute halako gorabeherak gertatzen direla zenbaitetan ikerketetan, eta «arta» osoz aztertu behar direla, ondo bideratze aldera. Oxford eta AstraZeneca lantzen ari diren txertoa ikerketaren hirugarren fasean dago orain; justu, merkatura produktu bat atera aurreko fasea izaten da, eta garrantzitsua haren segurtasunaren gaineko bermeak ondo finkatzeko. Agian pertsona hori «kasualitate baten ondorioz» gaixotuko zela adierazi dute, baina ondo aztertu behar dela zer gertatu zaion. Ikerketa «independente» bat egingo dute jazotakoaren inguruan, eta horren emaitzen ostean erabakiko dute ea prozesuarekin aurrera jarraituko duten.

Txertoen garapen prozesuko hirugarren fasean milaka pertsonari jartzen zaizkie dosiak, hor ikusten delako zer ondorio izan ditzakeen. Oxford eta AstraZeneca lantzen ari diren txerto honetan, esaterako, fase honetan 30.000 pertsona ari dira parte hartzen; ondo hautatuak, gainera, soslai ezberdinetakoak. Geografikoki ere, banatuta daude: Erresuma Batuan, Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen eta Hego Afrikan.

COVID-19aren kontrako txerto eraginkor bat lortzeko ahaleginetan beste 30 proiektu ere badira orain mundu zabalean, baina Oxfordeko honen inguruan aparteko esperantza adierazia dute maiz osasun agintariek eta adituek. Hain justu, txertoaren dosiak erosten hasteko operazioak ere egin dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.