Itxura berezia hartu du Miarritzeko (Lapurdi) Jules Ferry eskolak goizean. Lau irakasle dira eskolan, baina beste baten beharra azpimarratu dute gurasoek. 120 ikasle dira guztira, iaz baino hemezortzi gehiago. Alta, akademia inspektoreak ez du irakasle posturik gehitu. 30 ikasleko klaseak osatzera behartuak izan dira; «Ipar Euskal Herriko tasarik altuena», Max Brisson senatariaren arabera. Hala, protesta gisa, gurasoek deliberatu dute klase oso bat beren gain hartzea. Hiru hilabeteko egutegia osatua dute klaseak txandaka eman ahal izateko. Ekintzaren berri ukan eta berehala, akademia ordezkariak arratsalderako ordezko irakasle bat igortzea agindu du, gurasoen ekintza «ukatzen» zuela argudiatuta.
Goizean, Maider Aroztegi Miarritzeko auzapeza eta Max Brisson senataria hurbildu dira eskolara. Auzapezak gutun bat idatzi dio Frantziako hezkuntza ministerioari, eta berehalakoan irakasle bat izendatzea eskatu dio. Max Brissonek helaraziko dio gutuna Jean Michel Blanquer Frantziako hezkuntza ministroari. Brissonen arabera, Miarritzeko hiriak «postalaren irudia pairatzen du». «Errektoretzak ez du irakasle posturik ezarri pentsatuz ingurugune pribilegiatua dela. Alta, desoreka soziologikoa biziki azkarra da Miarritzen», azaldu du. Brissonek espero du Blanquerrek «entzunen» dituela eta ahalik eta fiteen irakasle postu oso bat ezarriko duela eskolan. Anartean, negoziazioekin eta protestekin segituko dute gurasoek, sare sozialetan azaldu dutenez. «Egoera presazkoa eta larria da», esan dute.