Heldu da koronabirusaz kutsatutakoak atzemateko eta erregistratzeko aplikazioa Nafarrora. Datorren astelehenean jarriko dute erabilgarri herritar guztientzat, baina gaur ezagutarazi du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak. Telefono arteko harremana da programak detektatuko duena, bluethooth bidez, eta, horregatik, herritarren "kolaborazioa" eskatu du kontseilariak. Aplikazioa sakelekoan deskargatu, eta, ondoren, ahalbidetu egin behar da: "Keinu txiki batek asko erraztu dezake prozesua", azpimarratu du Indurainek.
RadarCoviden xehetasunak ere eman ditu Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko kontseilariak prentsaurrekoan, eta nabarmendu du aplikaizoa "osagarri" bat izango dela. Ez du identifikazio pertsonalik eskatzen, eta, hortaz, inork ez du edukiko aplikazioa duten horien informaziorik: "Erabiltzaielen anonimotasuna bermatzen du. Ez osasun profesionalek eta ez gobernuak ez dute izango datu horien berri". Are gehiago, aurreratu duenez, alerta jasotzen duen pertsonak ez du jakingo inguruan izandako noren kontaktua izan den.
PCRan positibo emanez gero osasun zerbitzuetan jakinarazi behar dela azaldu du Cigudosak, eta aplikazioa ote duen galdetuko diote bertan. Hala izanez gero, bluetooth bidez erregistratuta gelditu diren bere kontaktuei jakinarazpena bidaliko diete —bi metro baino gutxiagoko tartean eta 15 minutuz, gutxienez—. Atzemate prozesua eraginkorra izan dadin, gutxienez herritarren %10ek deskargatuta eduki beharko lukete programa.
Euskarazko bertsiorik ez
Oraingoz, aplikazioa gaztelaniaz eskuratzeko aukera soilik dago, baina prentsaurrekoan azaldu dute datozen egunetan euskaraz eta beste zenbait hizkuntzatan deskargatzeko aukera izango dela.