Cristina Uriarte: «Egoera arlo guztietan da zaila»

Esan du sindikatuek irailaren 15erako deitu duten grebak «atsekabea» eragin diola, arlo guztietan ekiteko unea dela adieraziz. Iragarri du jarraipen estuagoa egingo dutela haurrak eskolara doazela bermatzeko. Sindikatuekin bilduko direla adierazi du, baina ez noiz.

Cristina Uriarte, Eusko Legebiltzarrean agerraldi batean. JUANAN RUIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko irailaren 4a
08:43
Entzun

Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako jarduneko Hezkuntza sailburuak esan du «atsekabez» jaso duela hezkuntzako sindikatuek irailaren 15erako iragarri duten greba. Argudiatu du egoera arlo guztietan dela zaila eta ekiteko eta laguntzeko garaia dela. Deialdi horrek ez duela ikasturte hasiera aldatuko, gaineratu du.

Ikasturtea astelehenean hasiko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, planifikazio, baliabide eta solaskidetza falta salatuz, gaur erregistratuko dute greba sindikatuek. Uriartek dio ikasturte hasiera garaiz prestatu zela, eta ekainean protokolo bat bidali zutela ikastetxeetara, prestatzen has zitezen. Protokolo hori apur bat egokitu dutela esan du, gaur egungo egoera aintzat hartuta, eta hori Osasun Sailaren irizpideak jarraituz egin dutela gaineratu du. Baztertu egin du irakasleei koronabirus probak egitea, «egun bakarrerako balio duelako emaitzak».

BERRIAk gaur argitaratu duen erreportaje batean, hainbat ikastetxetako zuzendariek azaldu dute oraindik ez dutela babes materialik jaso. Zuzendariek kezka dute ea hartu dituzten neurriak nahikoa izango diren eskolen bidez COVID-19a ez zabaltzeko. «Baliabide asko jarri dira, eta behar direnak jarriko dira ikasturtea behar bezala has dadin», adierazi du Uriartek, eta ikastetxeak seguruak izango direla uste duela, baina baita jendea kutsatu daitekeela ere, beste edozein lekutan bezala.

Ikasleen gurasoei gogorarazi die ulertzen duela beldurra izatea, baina haurrek ikastetxera joan behar dutela eta ardura hori gurasoena dela. Iragarri duenez, beste ikasturte batzuetan baino jarraipen estuagoa egingo du Jaurlaritzak eskolara nor ez den joaten jakiteko.

Ratioez ez dutela hitz egin ere esan du, ezarri dituzten neurriak «argiak» direlako eta ikastetxeetako jarduna bermatzen dutelako, «dauden baliabideak» aintzat hartuta. «Sare publikoan estatu guztiko ikasle kopuru txikiena daukagu irakasle bakoitzeko: hamar ikasle irakasleko», argudiatu du. Mila irakasle gehiagoren kontratazioaz adierazi du pixkanaka hasiko direla ikastetxeetara iristen, ikasturtea hasi ostean. Solaskidetzaren inguruan, Uriartek esan du ikasturte amaieran bildu zela sindikatuekin, eta bilduko dela Eusko Jaurlaritza horiekin, baina data zehatzik eman gabe. «Aintzat hartu behar da zer egoeratan dagoen gobernua, eta denok antolatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.