JAURLARITZAREN OSAKETA

Urkullu aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako lehendakari, hirugarrenez

EAJko hautagaiak aldeko 40 boto jaso ditu, eta Maddalen Iriarte EH Bildukoak 21. Etzi egingo du Urkulluk karguaren zina, Gernikako juntetxean.

Iñigo Urkullu, inbestidura saioan. RAUL BOGAJO / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 3a
20:05
Entzun

Iñigo Urkullu Renteriak jarraituko du Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguan, hirugarrenez hautatua izan eta gero. 2012ko eta 2016ko bozketetan ez bezala, Eusko Legebiltzarraren gehiengo osoaren babesa jaso du EAJko lehendakarigaiak: jeltzaleen 30 legebiltzarkiderenak -berrogeialdian dagoela eta, ezin izan du botorik eman Irune Berasaluzek- eta PSE-EEko hamarrenak. Legealdia inoizko babes handienarekin zuzentzeko modua du beraz Urkulluk, eta, bururaino eramanez gero, hamabi urte egingo ditu lehendakaritzan.

Amaieran, Urkulluk eskerrak eman dizkio legebiltzarrari: «Nire esker beroena sailburu guztioi eta beraien lantaldeei. Ohore handiena da Euskadiko Lehendakaria izatea, apalik eta ardura osoz hartzen dudan erantzukizuna. Beti ere Euskadiren alde».

Urkulluk etzi egingo du karguaren zina, Gernikako juntetxean (Bizkaia). 12:00etan izango da ekitaldia, eta ondoren emango du gobernuaren osaketaren berri. Orain arte argitaratutako informazioen arabera, 11 sail izango ditu Jaurlaritza berriak, eta bi lehendakariorde; alderdi bakoitzeko bana. Izango dira aldaketak aurreko legealdikoarekiko; izan ere, gaur bertan jakinarazi dituzte Eusko Legebiltzarrak izendatzeko alderdiek proposatuko dituzten senatarigaiak, eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua izango da jeltzaleen proposamena.

09:30ean hasi dute inbestidura saioa, ezohikoa; maskarak jantzita legebiltzarkideak, eta ohi baino publiko gutxiago, segurtasun neurriek hala behartuta. Iriarte izan da hitza hartzen lehena, bere gobernu asmoak aurkezteko. Koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu Iriartek; besteak beste, hezkuntzan ratioak jaistea eta curriculumak moldatzea, osasungintzari diru gehiago ematea eta zerbitzu sozialak indartzea. Esan du EH Bildu prest dagoela «trantsizio feminista, ekologikoa eta pertsonak botere publikoen ekintzaren erdigunean jarriko dituena» abiatzeko. «Ekintzarako garaia da, politika egiteko modu berri batena», haren hitzetan. Saioaren zuzeneko kontakizuna egin du BERRIAk.

Beste ordu eta erdi izan du Urkulluk ere bere egitasmoa aurkezteko; pandemiak eragindako krisiari hiru aldetatik erantzungo diotela adierazi du: osasungintzatik, enplegutik eta gizarte kohesiotik. Esan du datorren legealdia «COVID-19aren legealdia» izango dela, eta bi betebehar nabarmendu ditu: osasun sistema ez kolapsatzea eta «ekonomiaren koma» etetea. Goizeko saioan zehar ezagutarazi dute EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio osoa.

Arratsaldean izan dute alderdiek bi hautagaien egitasmoei buruzko iritzia emateko txanda. Besteak beste, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari «autokonplazientziazkoa eta kontinuista» iruditu zaio Urkulluren hitzaldia. «Elkarrekin Podemosek ez du hori babesten», adierazi du. Autokritika falta egotzi dio Carlos Iturgaiz PPko bozeramaileak ere. PSE-EEko Eneko Anduezak, berriz, uste du agerian geratu dela bi proiektu daudela aurrez aurre. Bestelako iritzi bat du haien gainean, baina: «Bata proiektu sendo eta sinesgarri bat da, eta bestea, oposizioko buru izan nahi duen hautagai baten proiektua», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.