Euskadi martxan! izeneko akordio bat izenpetu dute aste honetan Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaiak. Bi alderdiek 41 eserleku lortu zituzten uztailaren 12ko hauteskundeetan. Gaur, ordea, Urkulluk boto bat gutxiago jasoko du, legebiltzarkide batek ezin duelako joan inbestidura saiora.
Inbestidura saioko hitzaldian, hitzarmen horretan jasotako lau ardatz nagusiak azaldu ditu Urkulluk: oparotasuna, enplegua eta suspertze ekonomikoa; pertsonak, osasuna eta zerbitzu publikoak; planeta, klima trantsizioa; eta bizikidetza eta autogobernua. Adierazi du itun hori «herriaren garapenaren oinarria» dela, eta kolaboratzeko proposamena egin die alderdi eta eragileei.
Pandemiak eragindako krisiari hiru aldetatik erantzungo diotela adierazi du: osasungintzatik, enplegutik eta gizarte kohesiotik. Esan du datorren legealdia «COVID-19aren legealdia» izango dela, eta bi betebehar nabarmendu ditu: osasun sistema ez kolapsatzea eta «ekonomiaren koma» etetea.
Urkulluk adierazi du «lankidetza publiko-pribatua» dela aurrera egiteko modurik onena, eta, EAJ eta PSE-EE alderdiak ezberdinak diren arren, akordio sendoa osatu dutela, «oso aurreratua». Konpromiso nagusi hauek azaldu ditu: gazteen enplegurako plana egitea, 4.000 enpresa txiki sortzea, tokian tokiko planak egitea, eta behin-behineko kontratuak erregularizatzea, urtean 7.000 batez beste.
Birusak berebiziko eragina izan du ikasturtearen hasieran, eta jarduneko lehendakariak hiru puntutan azaldu du hari aurre egiteko protokoloa: arriskuak aurreikusi, hezkuntza komunitatearekin koordinatu eta egoerara moldatu. Haren ustean, aurrez aurreko eskolak lehentasunezkoak dira. Gainera, Hezkuntza Sailak mila langile kontratatuko ditu, eta, protokoloak betetzeko leku gehiago behar duten ikastetxeei laguntzeko, elkarlana bultzatuko dute Eudelekin eta udalekin.
Euskal hezkuntza legea onartzeko asmoa du, sistema berritzeko, eta hizkuntza aniztasuna eta aukeren berdintasuna bultzatzeko. Klimaren aldeko akordio bat ere sustatu nahi du, energia berriztagarrietan, garraio jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta biodibertsitatearen defentsan oinarrituta. Memoria historiko eta demokratikoaren legea ere onartuko duela esan du.
Gernikako Estatutua bete eta eskumenak eskualdatuko dituzte datorren legealdian; hura izango da, Urkulluren esanetan, ongizatea eta justizia soziala lortzeko oinarria. Esan du «autogobernu gehiago eta hobea» nahi duela. Euskal Herria «askotariko herria» da haren hitzetan, eta, beraz, autogobernua «paktuak egitea» da. «Erantzunkidetasunaz» aritu da Urkullu, «lankidetza gobernuaz».