2016ko otsailean, grabitate uhinek susmo izateari utzi zioten. Esperimentu baten bitartez uhin horiek antzematea lortu zutela jakinarazi zuten LIGO behatokiko arduradunek, eta ikerketarako esparru berri eta guztiz erakargarri bat ireki zela adierazi zuten zientzialari askok. Iragarpen horiek betetzen ari dira: gaur, esate baterako, inoiz atzemandako uhinen iturbururik handienaren gaineko berria zabaldu dute LIGO eta Virgo behatokietako arduradunek —elkarlanean ari dira, 2.000 aditu batzen dituen nazioarteko proiektu zabal batean—, eta aurkikuntzak galdera berri asko ekarri dituela onartu dute.
Uhin hori, propio, iazko maiatzean detektatu zutela adierazi dute, segundo hamartar bat besterik ez zuela iraun, eta oso ezberdina zela ordura arte antzemandakoekin alderatuta. «Normalean, karranka antzeko bat antzematen dugu; honek ez zuen beste horien antzik», adierazi du Frantziako (CNRS) Virgo Nelson Christensen ikertzaileak. Ondorioztatu dute bi zulo beltzen fusioaren emaitza dela uhin hori, baina onartu dute galdera handiak dituztela orain. Uhinaren iturburua Lurretik bost gigaparsec-era dagoela adierazi dute, eta, beraz, inoiz atzemandako urrunena ere badela grabitate uhin hori. Astrofisikako gaiekin usu gertatu ohi denez, irudikatzen ere zaila da distantzia hori; atera kontuak, gigaparsec bakoitza 3.260 milioi urteren baliokidea da.
Zulo beltzen fusioa irudikatzen duen eskema artistiko bat (goian), eta fusioak eragindako grabitate uhinak (behean). LIGO / EFE
Tamainan ere irudikatzen zaila da uhinaren iturburutzat duten zulo beltzen fusioa. Zientzialariek egin dituzten kalkuluen arabera, 85 eguzkiren adinako masa zuen batek; besteak, berriz, 66 eguzkirena. Onartu dute, orain arte ikasitakoa aintzat hartuta, oso handiak direla biak, galdera berrien iturburua. Energia izugarria sortu zuen fusio horrek, eta, hain justu, ikertzaileek uste dute atzemandako uhina horren lorratza dela.
Zer dira grabitate uhinak?
Metaforetara jotzen dute usu zientzialariek grabitate uhinak zer diren azaltzeko; ozeano kosmikoko olatuak direla esaten dute batzuek, eta urmael batean atzeman daitezkeen uhinez mintzatzen direnak ere badira.
Albert Einsteinek 1905ean argitaratu zuen erlatibitatearen teoria. Orduan esplikatu zuen espazio-denbora tenkatutako oihal baten antzekoa dela: han objektu astunak jartzen direnean, desitxuratu egiten da. Desitxuratze horien ondorioz sortzen dira, hain zuzen ere, grabitazio uhinak. Ezin izan zuen horien gaineko ebidentziarik eman, ordea. Aurkikuntzarekin erlatibitatearen teoria berriz berretsi dela uste dute zientzialariek, inoiz baino ageriago geratu dela hark esandakoen egokitasuna.
Kosmosa ulertzeko ate berri bat ireki dute uhin horiek. Uhinok atzeman aurretik, soilik gorputzek igortzen duten argiari begira egon dira astrofisikariak, baina egun horiek sortzen duten grabitateari ere erreparatu ahal izan diote. Era horretan uste dute, esaterako, zulo beltzen antzeko fenomenoak ikertzeko era erraztuko dela. Espazioaren sorrera bera, Big Bang teoria, hobeto ikertu ahal izango dela adierazi zuten LIGOko zientzialariek.