Gurasoei gaixo agiria edo baimen ordainduak emateko «exijitu» du LABek

Sindikatuak adierazi du haurren zaintzaren lan karga emakumeek hartu beharko dutela, eta gaixo agiria ezarri ezean «langileen kontziliaziorako baimen ordainduak» eskatu dizkie Hego Euskal Herriko bi gobernuei eta patronalei.

Haurrak eskolan, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 2a
14:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Bakartuta dauden eta COVID-19aren proban negatibo eman duten haurren gurasoei gaixo agiririk ez ematea erabaki du Espainiako Gobernuak. Frantziako Gobernuak, aldiz, etxean bakartu behar dituzten haurren gurasoei agiria ematea onartu du, haurren hezkuntzaren arduradunak izango direla ulertuta.

Laster heldu dira Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaren lehen erantzunak. LAB sindikatuak gaixo agiria emateko «exijitu» dio Gizarte Segurantzari; eta aukera hori eman ezean langileen kontziliazio baimen ordainduak ematea eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, CENi eta Confebaski.

Sindikatuak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, «lan merkatuaren ezjakintasun handia» ezkutatzen duela argudiatuta. Langile guztiak «egoera berean» daudela pentsatzeak justifikaziorik ez duela adierazi du, seme-alaben zaintzaz arduratzeko lana utzi beharko dutenak emakumeak izango direla argudiatuz.

Lana alde batera uzteko aukera duten emakumeek «soldatarik gabeko lizentziaren bat» hartu beharko dutela salatu du LABek. Gehitu dute pandemiak eragindako aurreko konfinamenduan zaintza lanen karga osoa emakumeen esku geratu zela, eta ez daudela egoera hori errepikatzeko prest.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.