Kontu publikoak

Hezkuntza gastuetarako 116,5 milioi jaso dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak

Espainiako Gobernuak emandako dirua da, eta ez dute itzuli beharko.

Selektibitatearen azterketa, uztailaren hasieran, Donostian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 2a
12:37
Entzun

BOE Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur kaleratu du zehazki zenbat diru jasoko duten Hego Euskal Herriko gobernuek hezkuntza gastu gehigarriak finantzatzeko. Jaurlaritzari 87,2 milioi dagozkio, eta beste 29,3 milioi euro, berriz, Nafarroako Gobernuari. Dirua datorren astean da iristekoa, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren arabera.

Diru hori baliatu behar dute COVID-19ari aurre egiteko hezkuntza sailek eta ikastetxeek hartu beharko dituzten neurri bereziak finantzatzeko, hala nola irakasle eta bestelako langileak kontratatzeko, gelak egokitzeko, eta higiene eta garbiketa bermatzeko aparteko gastuak ordaintzeko.

Espainiako Gobernuak jarriko du dirua, eta erkidegoek ez diote itzuli beharko.

Ekainean, pandemiaren aurka borrokatzeko Madrilek sortutako 16.000 milioi euroren funtsaren bigarren zatia da irailean banatutakoa, 2.000 milioi eurorena. Lehenengoa, osasun gastuak finantzatzeko eratutakoa, uztailean banatu zuen Espainiako Gobernuak. 6.000 milioi izan ziren, eta horietatik 328,6 milioi jaso zituen Eusko Jaurlaritzak, eta 88,7 milioi Nafarroak.

Osasun gastuak finantzatzeko beste 3.000 milioi euro banatuko ditu Madrilek azaroan, honako irizpide hauetan oinarrituta: zenbat gaixo sartu diren ZIUetan (%25), ospitaleratutakoen kopurua (%20), egindako PCR probak (%10), eta babestutako biztanleria (%45).

Laugarren atal bat du COVID-19 Funtsak, 5.000 milioirena. Horretatik dirurik ez dute jasoko Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, zerga bilketaren jaitsierari lotutakoa delako, eta arlo horretan autonomia dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.