Eusko Jaurlaritza

Koalizio gobernua osatzeko ituna sinatu dute Urkulluk, Ortuzarrek eta Mendiak

EAJko eta PSEko buruzagiek esan dute gainerako taldeei «irekitako» akordioa dela, eta autogobernuari buruzkoak direla, oraingoan ere, desadostasun nagusienak.

Ortuzar, Urkullu eta Mendia, gaur, akordioa sinatzen Eusko Legebiltzarrean. DAVID AGUILAR / EFE
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 1a
14:32
Entzun

Atzo iluntzean EAJko eta PSEko oinarrien babesa jaso ondotik, gaur eguerdian sinatu dute gobernu akordioa EAJk eta PSEk. Eusko Legebiltzarrean egin dute sinadura ekitaldia EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek eta PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariarekin batera. Etzi emango dute akordioaren berri, inbestidura saioan.

Ituna sinatu ostean agertu dira prentsa aretoan Ortuzar eta Mendia. Bi alderdietako buruzagi politikoek nabarmendu dute gehiengo osoa izan arren, oposizioari irekitako akordio bat sinatu dutena. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPri eskua luzatu diete akordioarekin bat egin dezaten, eta adostasunerako eskaintzatik at utzi dute Vox alderdiko legebiltzarkidea. «Egoerak eskatzen duen mailan» egoteko eta gobernuarekin «lankidetzan» aritzeko eskatu die Ortuzarrek oposizioko taldeei. «Ez da inposizioen garaia», erantsi du. Mendiaren esanetan, gehiengo osoa duen gobernu baterako akordioa da, baina aldi berean «eskua luzatuta» daukate gainerakoekin akordioak lortzeko.

Ortuzarrek eta Mendiak onartu dute «pozik» daudela akordioarekin, datozen lau urteetako erronkei aurre egiteko tresna izango delako. «Itxaropenerako» akordioa dela eta «oinarri sendoa» duela esan du Mendiak, eta gaineratu PSEri esker «norabide progresista» izango duela gobernuaren jardunak.

Autogobernuaren alorrean, azken legealdian ez dira bat etorri jeltzaleak eta sozialistak, eta oraingoan ere 2016an adostutako formulari eutsiko diote; alegia, desadostasun adostu gisa utziko dute gaia, eta alderdi bakoitzak askatasuna izango du Eusko Legebiltzarrean bere jokabidea defendatzeko. Hala baieztatu dute Ortuzarrek eta Mendiak. Bi alderdiek konpromisoa dute «estatutu itun berri bat» lortzeko, baina ez dute bat egiten jarraitu beharreko prozeduran eta edukietan. «Autogobernu gehiago eta hobea nahi dugu biek, baina hori gauzatzeko moduan alderdi bakoitzak bere ñabardurak ditu», azaldu du Ortuzarrek.

Jaurlaritzaren egitura berria larunbatean jakinaraziko du Urkulluk. Hala ere, Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak bart gauean adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzan parte hartuko du datorren legegintzaldian. Sare sozialetan zabaldu duen bideo batean esan duenez, «lana egiteko garaia da», eta berak parte hartuko du zeregin horretan. Gaur Mendiak gaineratu du «konpromiso politikoagatik» hartu duela erabaki hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.