Hezkuntza

Hezkuntza sistema «osoarekiko erantzukizunak» betetzeko eskatu diote ikastolek Jaurlaritzari

Ikastolen Elkartea «dezepzioz» mintzatu da Hezkuntza Sailarekin atzo izandako bileraz: «Denbora irabazteko trikimailu bat izan da; ezer ez jasotzeko arriskua dugu».

Donostiako ikastola bat, itxita, pandemiaren lehen olatuan. JON URBE / FOKU
2020ko irailaren 1a
13:43
Entzun

Ipar Euskal Herrian gaur hasi da eskola sartzea, Nafarroan ostiralean eta astelehenean irekiko dituzte ateak ikastetxeek, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere astelehenean abiatuko da ikasturte berria, baina nahasmen handia dago hezkuntza eragileen artean datozen asteetan izango dituzten baliabideen inguruan. Kezka horrekin bat egin du Ikastolen Elkarteak, batez ere Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin lotuta: ohar bidez adierazi du gobernuak ez duela argitu zer baliabide jarriko dituen itunpeko sarerako; are, atzo eragileekin izandako bileretan ere ez zuen zehaztu. «Dezepzioa eragin zigun, bileraren aurretik genituen zalantzak areagotu egin baitziren bileraren ostean», esan du elkarteak.

Ikastolek nabarmendu dute ez dakitela Jaurlaritzak emango ote dizkien «egoerak eskatzen dituen baliabide gehigarriak». Izan ere, atzoko bileran konpromisorik ez hartzea leporatu diote Hezkuntza Sailari: «Esan ziguten baliabideak izango ditugula, baina ez ziguten argitu zenbat, noiz, zertarako edo zer irizpideren arabera jasoko ditugun. Hortik atera genezakeen ondorioa da denbora irabazteko Jaurlaritzaren trikimailu bat izan dela bilera, eta ezer ez jasotzeko arriskua dugula».

Hartara, elkarteak gobernuari eskatu dio hezkuntza sistema «osoa» kontuan har dezala, eta harekiko «erantzukizunak» bete ditzala. Gogora ekarri du koronabirusak eragindako osasun krisiak premia bereziak eragin dituela ikastetxeetan, eta zentroek laguntza behar dutela gelak bikoiztu behar dituztenean irakasle gehiago kontratatzeko, COVID-19aren arduradun figura ezartzeko, gaixotzen diren langileen ordezkoak kontratatzeko, jangela eta garraio zerbitzuetan neurriak hartzeko eta euskararen irakaskuntza indartzeko, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.