Hezkuntza

Ikastetxera itzuli dira Ipar Euskal Herriko ikasleak

Eskola sartzea egin dute goizean Ipar Euskal Herriko ikasleek. Ikastetxeek protokolo sanitario berezia errespetatu beharko dute: maskara derrigorrezkoa da 11 urtetik aitzina.

Estitxu Robles kolegioko ikasleak. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko irailaren 1a
11:21
Entzun

Euskal Herriko lehen ikasleak eskolara itzuli dira. Ipar Euskal Herriko eskola, kolegio, lizeo eta unibertsitateko ikasle guziek goizean egin dute sartzea, pandemiak ekarri dituen baldintza berezietan. Baionako Estitxu Robles kolegioan, goizeko bederatzietan egin dute eskola sartzeko aurkezpena. Goizeko zortzietatik, ordea, guraso eta ikasleak hesiaren kanpoaldean zeuden, zain. Zakua bizkarrean, lagunarteko kalakan aritu dira nerabeak. Gurasoak begira, seme-alabak baino urduriago. Urteroko irudia izan zitekeen, baina maskarek ikasle berrien aurpegiak kukutzen dituzte.

Frantziako Hezkuntza ministerioak maskarak derrigortu ditu 11 urtetik gorakoentzat, ikastetxe guzietan; eta pandemiak aldatu egin du sartze eguneko argazkia ere. 8:30an ireki dute xeila, eta hasi dira kolegiora sartzen, lerroan. Protokolo sanitarioa dela eta, eskuak desinfektatu behar dituzte haurrek ikastetxera sartu aitzin. 44 sartu dira goizean Estitxu Robles kolegioan: gainerakoek bihar izanen dute sartzea, jada ezagutzen duten egoitzan. Seigarrenek lehen aldia dute kolegioan, eta egun bateko tartea dute «handiak» ezagutu aitzin.

Jasmine xeilan dago, amaren ondoan, lotsati. «Kontent naiz kolegiora sartzea, nire lagunak ere etorriko direlako. Baina maskararekin pixka bat beldurtua naiz, bero handia ematen duelako». Korrika eskapatu da neskatoa, lagun mina hurbiltzen ikusi duelarik, eta besarkatu du.

Ondoko ikasle taldean den Aloñak bat egin du Jasminekin. «Joan den urte bukaeran ikastolan ez zen beharrezkoa maskara. Baina orain beharko dugu ohitu», erran du. Jonik dagoeneko hartu du maskara eramatearen ohitura; baina protokoloak lagunekin jostatzeko manera aldatu duela deitoratu du. «Gu beti ari gara jostetan elkar hunkituz, eta usu besarkatzen ditut ene lagunak. Biziki zaila da metro bateko distantzia atxikitzea gure artean; hori da zailena enetzat». Hala ere, «pozik» daude Aloña eta Joni, kolegioko abentura hasteaz. «Neguan ongi izanen da, sudurrean hotz badugu, maskararekin berotzen ahal gara», bota du Aloñak, eta lagun guziak hasi dira irriz.

Xeila ireki dutenean, Txomin Agirre gurasoak alabari musu bat eman dio, agurtzeko. Nahiko lasai agertu da: «Maskararen erabilera fite ulertu du alabak, pandemiaren hasieratik aipatzen zelako. Pixka bat urduri da, baina ez dut uste egoera bereziak estres gehiago eragiten dionik. Protokolo bat errezibitu dugu kolegioaren partetik, eta dena esplikatu dute bertan».

Irakasleak, kezkatuago

Gaelle Blanco euskara irakaslea izanen da kolegioan; eta berak ere, lehen eguna du. Urduri mintzatu da: «Pentsatzen dut urte berezia heldu zaigula. Entseatuko gara ahal bezain ongi egiten, arauak errespetatuz. Ez dakigu norantz joaten garen». Pedagogiari begira kezka sortzen dio maskarak. «Bisaiarekin anitz komunikatzen dugu. Maskarak komunikazio osoa zailtzen du; ez dugu ongi entzuten. Begiekin mezuak pasatzen ikasi beharko dugu. Ez dugu hauturik, eta egokitu behar dugu» gehitu du. Bat egin du harekin Mañolo Ezpeleta zuzendariak. Egoera sanitarioa aldatu ahala protokoloak ere alda daitezkeela azaldu du. Baina, bere irudiko, hutsuneak baditu protokoloak. «Ene ustez, epe batzuk finkatu beharko lirateke. Adibidez, hiru astez protokolo bat saiatzen ahalko genuke, eta emaitzaren arabera aldatu: hobera edo txarrera. Ez dakigu zein diren irizpideak; eskerrak talde azkarra dugula kolegioan, eta egokitzeko gaitasuna dugula».

Lore Aroztegi hezkuntza aholkularia da kolegioan, eta sartzerako protokolo berezia landu du udan zehar: «Bakantzak aitzin zerbait prestatu genuen, baina Frantziako hezkuntza ministroa berriz mintzatu da joan den astean. Azken finean aldaketak egin behar izan ditugu azken momentuan. Erran duena ez da beti argi, eta saiatu gara moldatzen gure lekuaren eta egoeraren arabera».

Eraikin zaharra da kolegioarena, eta lanak egin behar izan dituzte udan, ikasgela gehiago lortzeko. «Jadanik baliabide guti dugu, eta guraso eta irakasleen inplikazioari esker lortu dugu obrak egitea udan. Ez dugu askoz ere gehiago egiten ahal ditugun baliabideekin», salatu du. 67 ikaslerekin ireki zuen Seaskak Baionako kolegioa duela lau urte, eta dagoeneko 169 ikaslek eman dute izena. «Biziki garapen baikorra izan du kolegio berriak. Urtero obrak egin behar ditugu eraikina zaharkitua delako, eta ikasle kopurua emendatzen delako», azaldu du zuzendariak.

Heldu dira 9:00ak, eta sartze eguneko aurkezpena egin du talde pedagogikoak kanpoko eremuan. Ongi etorria egin diete irakasleek ikasleei; eta klaseak osatu dituzte. 6. mailan, bi klase izanen dira: 6A eta 6B. 44 ikasleak ordena alfabetikoan deitu ditu Mañolo Ezpeletak. Sartzeko momentu estresagarriena ikasleentzat; lagun taldeak nola banatuko ote dituzten. Baina gehienak pozik agertu dira, eta irakasle arduradunak segitu dituzte klasera sartzeko. Hasia dute ikasturtea; eta egoera berezia izanik ere, normalitateak hartu du gaina Baionako kolegioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.