Nafarroan gaur goizean jarri dute martxan euskaltegietako 2020-2021 ikasturteko matrikulazio kanpaina. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak, Raul Maiza Berriozarko alkateak eta Aitziber Garralda AEKren eta IKAren ordezkariak egin dute prentsaurrekoa. Helburu nagusia helduek euskara ikastea da; aurtengo leloa Hurrengoa euskaraz da, eta Nafarroako 30 euskaltegitan dago izena emateko aukera.
Arregik nabarmendu du euskaltegiek «lanean jarraitu” dutela, «egoera berezia» bada ere. Irakaskuntza metodologia egungo egoerara «moldatu» dute. Martxoan euskaltegien funtzionamendua egokitu behar izan zuten, eta hala jarraituko dute datozen hilabeteetan: «Ikasketa prozesuak bermatuko dituzte». Garraldak ere egin dio erreferentzia pandemiak sortutako egoerari: «Herritar guztiei garbi utzi nahi diegu koronabirusaren aurrean gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugula». Gehitu du herritar guztiek edukiko dutela «inolako arriskurik gabe» ikasteko aukera.
Maiza herritarrei mintzatu zaie, eta euskara ikastera animatzera deitu ditu: «Euskararen komunitatea dinamikoa eta hurbila da, eta ikasten duen pertsona babesten du beti». Nabarmendu du helduek euskara ikastea «oso garrantzitsua» dela hizkuntzaren «transmisioa» bermatu ahal izateko.
Bestalde, Garraldak Nafarroako Gobernuari eskatu dio euskara ikasteko aukera debalde izatea ahalbidetzeko: «Negargarria da euskara ikasi nahi duten herritar gehienek ordaindu egin behar izatea». Ikasleen bidea «erraztu» egin behar dela erantsi du Garraldak. Maiza ere mintzatu da prezioen inguruan, eta «diru laguntza handiagoa» eskatu dio gobernuari, matrikula merkeagoa izateko. Arregik adierazi du gobernuak bekak eskainiko dituela, eta laster jarriko dela martxan horiek eskatzeko epea.