Ostiralean hasiko da ikasturte berria Nafarroan, eta, harturiko neurrien artean, Gobernuak PCR probak egiteko plan bat adostu du. Irizpideak erabat zehaztu gabe daude, baina, zertzelada batzuk aurreratu ditu Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak: irakasleei zein administrazioko eta zerbitzuetako langileei egingo dizkiete testak, eta «osasun egoera zaurgarriena» duten irakasleek izango dute lehentasuna
Gainera, proba kopurua handiagoa izango da egoera epidemiologikoa «larriagoa» den eremuetan, kontseilariaren esanetan. Eremu horietan, ikasleei ere testak egitea aztertzen ari da Gobernua. Planaren xehetasunak "datozen orduetan" zehaztuko dituzte.
Kontzentratzeko deia, asteazkenean
Nafarroako hezkuntza komunitateak salatu du «ezjakintasun» eta «informazio falta» nagusi direla ikasturte berriaren atarian. Besteak beste, gaitzetsi dute gobernuak hasiera batean iragarritako 666 irakasleren kontratazioak 173ra jaitsi direla, eta kontingentzia planak nolakoak izango diren oraindik argi ez dagoela.
Hori dela eta, hezkuntza komunitatearekin biltzeko dei egin diote Hezkuntza Sailari, «alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta psikologikoak» kontuan izango dituen plan bat diseinatzeko. Era berean, kontratazioen eta kontingentzia planen inguruko informazioa argitzeko galdegin diote Gobernuari. Plan horien barnean, unibertsitateko ikasketak ere kontuan har ditzaten nahi du komunitateak.
Egoera salatu eta aldarriak ikusarazteko, hainbat egitasmo egingo dituzte. Sinadura bilketa bat jarriko dute abian, eta sare sozialetan informazio kanpainari ekingo diote. Bestalde, asteazkenean, kontzentrazio baterako deia egin dute, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Deialdiarekin bat egin dute Hezkuntza arloko sindikatuek eta hainbat ikasle mugimendu eta guraso elkartek.