Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere maskara derrigorrezkoa izango da LH1etik aurrera

Ikasturtea hasteko egunak aldatu ditu Jaurlaritzak: DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Hezkuntza Sailak beste mila irakasle kontratatzea aurreikusi dute.

Ikastetxe bat, artxiboko irudian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 28a
13:05
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2020-2021eko ikasturteari buruzko argibideak eman ditu. Aldaketa nagusietako bat ikasturtea hasteko eguna da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko dira, eta ez irailaren 7an. Ez da aldaketarik egongo Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleentzat: irailaren 7an hasiko dira. Hezkuntza presentziala izango da, eta ordutegia ez da jarraitua izango HHko eta LHko ikasleentzat.

Lanbide Heziketan ere aldatu egin dute hasiera eguna. Goi mailako zikloetan, hilaren 14an hasiko dira bigarren mailakoak, eta 16an lehenengo mailakoak. Erdi mailako zikloak geroago hasiko dira: bigarren mailakoak, hilaren 21ean, eta lehen mailakoak, 23an. Oinarrizko zikloetan, udalen zentroetan ematen badituzte eskolak, irailaren 14an ekingo diote bigarren mailako ikasleek, eta lehen mailakoek, hilaren 16an; aldiz, Lanbide Heziketako ikastetxe batean ematen badute zikloa, irailaren 28an hasiko dira bigarren mailakoak, eta lehen mailakoak, bi egun geroago.

Maskararen erabilera "indartu" egingo dutela ziurtatu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Horrenbestez, LH1etik aurrerako haurrek erabili beharko dute, baita 1,5 metroko tartea daukatenean ere. Haur Hezkuntzan, ez da nahitaezkoa izango, baina "posible denean" erabili beharko dute. Irakasleek beti erabili beharko dute maskara, baita bizikidetza talde egonkorretan daudenean ere.

Baliabide gehiago jarriko dituztela azaldu du Uriartek. Zehazki, ziurtatu du 1.000 irakasle gehiago kontratatzea aurreikusi dutela geletan ikasle gehien dituzten ikastetxeetarako. "Orain ikusten ari gara nolako beharrak egon daitezkeen". Haren hitzetan, ikastetxez ikastetxe aztertuko dute zer behar dituzten.

Hezkuntza Sailak uste du zenbait ikastetxek, irakasleak ez ezik, lokal gehiago ere beharko dituztela . Hori dela eta, Uriartek azaldu du Hezkuntza Sailak Eudeli udalen "lankidetza" eskatu diola udalen instalazioak uzteko.

Itunpeko sareari dagokionez, Uriartek nabarmendu du Hezkuntza Sailak laguntza deialdi bat egingo duela ikastetxe horientzat.

Kasuen kudeaketa

Ikasgeletan positiboak agertzen direnean nola jokatuko duten ere azaldu du Uriartek. Lehenik, COVID-19aren sintomak dituzten ikasleek eta langileek ez dute eskolara joan beharko, ezta berrogeialdian daudenek ere. Ikasleei ikastetxean daudenean sintomak agertzen bazaizkie, aparteko gela batera eramango dituzte, maskara jantziko zaie, eta familiek osasun etxearekin harremanetan jarri beharko dute. Positibo ematen badute, bi egoera egongo dira: haurra bizikidetza talde egonkorrekoa denean, kontaktu estutzat hartuko dituzte taldeko guztiak; bizikidetza talde egonkor batekoa ez denean, berriz, ikastetxeko harreman estuak identifikatuko dituzte. "Osasun Publikoko Zerbitzuak eta Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak balioetsiko dute ea irakasleak eta ikastetxeko langileak kasu baieztatuaren kontaktu estutzat hartu behar diren", erantsi dute. Kontaktu estutzat dituzten pertsonei "jarraipen aktiboa" egingo diete, eta etxean egon beharko dute berrogeialdian.

Gerta daiteke ikastetxe batean kasu bat baino gehiago agertzea ere. Agerralditzat hartuko dute hiru pertsonak edo gehiagok positibo ematen dutenean. Hiru egoera aurreikusi dituzte: agerraldi "kontrolatuak" edo noizbehinkako kasuak izatea, agerraldi "konplexuak" edo noizbehinkako komunitate transmisioa izatea, eta "kontrolik gabeko" transmisio komunitarioa egotea. Lehenengo kasuan, transmisio kateak "ondo definituta" egongo direla azaldu du Jaurlaritzak. Egoera hori talde bakar batean gerta daitekeela esan dute, baita independenteak diren bizikidetza talde egonkor batzuetan ere. Orduan, kontaktuak identifikatu eta bakartuko dituzte. Bigarren egoeran, transmisio kateak ezingo dituzte erraz identifikatu edo positibo bat baino gehiagoko adarrak agertuko dira. Hezkuntza Sailak aurkeztutako protokoloan ageri denez, kasu horretan, positiboen arteko lotura aztertuko dute, eta beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute: berrogeialdia gorde behar duen taldea edo taldeak handitzea, gelak edo lerroak ixtea... Azkenik, Ikastetxean kontrolatu gabeko transmisioa gertatzen dela uste badute, arriskuak ebaluatuko dituzte, eta transmisioa non gertatzen den analizatu. Beste neurri batzuk hartzea aztertuko dute, eta, azkenik, baita ikastetxeko eremu bat edo ikastetxea bera ixtea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.