Isuntzako arraunlari batek COVID-19arekin positibo eman duela eman du aditzera Traineruen Kluben Elkarteak, eta horrenbestez, ezingo duela bihar eta etzi Galiziako bi estropadetan parte hartu, ligako eta Osasun arloko protokoloaren arabera, itxialdia egin behar dutelako gainerako kideek ere. Isuntzak ohar bidez zehaztu egin du gero TKEk zabaldutakoa: "Gure arraunlarietako batek lan munduan jatorria duen COVID-19aren ondorioz, probak egin ditu, eta jasotako emaitza kontrajarriak ez dira erabakigarriak. Denok egin ditugu probak orain, arraunlari hori barne, eta denetan negatibo atera da". TKEk hartu duen erabakiaz, ondorengoa adierazi du Lekeitioko arraun taldeak: "TKEko epaileak, zentzumena eta zuhurtzia oinarri hartuz, irailaren 1ean egingo diren PCR probak egin arte, konfinamendu protokoloa ezarri digu". Gehitu du "osasuna edozein kirol proba edo txapelketaren gainetik" dagoela. Horrenbestez, Lekeitioko trainerua ez da izango bihar eta etzi Eusko Label ligaren barruan jokatuko diren Galiziako bi estropadetan.
Irailaren 1eko testetan berriz ere negatibo ematen badute denek, Kontxarako sailkatze estropadan izango da Isuntza, datorren ostegunean.
Ligako araudiaren arabera, orain arte batutako puntuen batezbestekoa emango zaio Isuntzari bi estropada horietan: bost puntu bihar, eta beste horrenbeste, etzi. Zortzigarrena da sailkapenean, 64 punturekin, eta kanporaketa jokatzera eramaten duen azken-aurreko postuan den Aresi bederatzi puntu ateratzen dizkio.
Isuntzaren egoera ez da aurrenekoa denboraldi honetan. Euskotren ligan, Arraun Lagunak berdin egon zen, hiru estropadatan lehiatu ezinda, eta orain ere etxean konfinatuta daude denak, liga amaitu eta gero beste arraunlari batek positibo eman zuelako. KAE 1 ligan, Getaria egon zen horrela, eta KAE 2 ligan, Zarautz B eta Portugalete ez dira gehiago lehiatuko denboraldi honetan, berriki izandako positibo kasuengatik.