politika

Iriartek Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza aurkeztuko du

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak azaldu du «arduragatik» aurkeztuko dutela hautagaitza.

Maddalen Iriarte, uztailaren 12ko hauteskunde gauean. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko abuztuaren 27a
09:15
Entzun

Gaur zortzi egingo dute Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura saioa, eta egun horretan bi hautagai aurkeztuko dira gutxienez; Iñigo Urkullu jarduneko lehendakari eta EAJren lehendakarigaia eta Maddalen Iriarte EH Bildukoa.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eman du indar subiranistaren Mahai Politikoaren erabakiaren berri, Onda Vascan emandako elkarrizketa batean. Esan du hauteskundeak egin zirenetik gogoetatu dutela gaiaz, eta baita astelehenean ere, Mahai Politikoan.  «Erantzukizun politikoagatik» aurkeztuko dute Iriarteren hautagaitza; «alternatiba garela uste duten herritarrekiko arduraz. Erakusteko gobernatzeko beste modu batzuk daudela. Iriartek gobernantza eta gizarte eredu alternatibo bat ordezkatzen du».

Otegik gaineratu du «norabidea aldatu» beharra dagoela, eta pandemiaz ikasi: «Politika publikoak egin behar dira, hezkuntza, osasuna, zaintzak... indartzeko». Izan ere, salatu du ikasturtea hastear dela eta «inork» ez dakiela nola hasiko den: «Ez dira irakasle gehiago kontratatu, ez dira ikasgela gehiago prestatu».

Edonola ere, Iriartek ez dauka babes nahikorik lehendakari izateko. Elkarrekin Podemosek iragarri du ez duela babestuko EH Bilduren hautagaitza, eta abstenitu egingo dela inbestidura saioaren bozketan. Asteburu honetan hainbat komunikabidetan mintzatu dira Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailea eta Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzailea, eta biek ala biek baieztatu dute ez dutela Iriarteren alde bozkatuko. Esan dute ezkerreko gobernu bat eratzeko aukerarik ez dutela ikusten, eta «koherentziagatik» Elkarrekin Podemosek ez duela aurkeztuko lehendakarigairik. Urkulluren hautagaitzaren alde ere ez dute egingo Elkarrekin Podemoseko sei legebiltzarkideek.

Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioari begira ziurra den bakarra da EAJk Iñigo Urkulluren hautagaitza aurkeztuko duela. Eta ezusterik ezean, hura aukeratuko dute lehendakari. Aurreko bi inbestidura saioetan ez bezala, lehen bozketan eta gehiengo osoz aukeratuko dute, gainera. Izan ere, jeltzaleek eta sozialistek aise gainditzen dute gehiengo osoa: 31 eserleku ditu EAJk eta hamar PSEk, eta Urkulluk bi taldeen sostengua izango du lehendakari izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.