Diabetesa du, hipertentsioa, eta hilabete pasa darama gose greban, baina orain arteko egun horiek guztiak «betegarriak» baino ez direla izan azaldu du Jose Mari Lejardi ‘Gabixola’-k. Hurrengo asteetan eratzekoa den Eusko Jaurlaritza berriko kideekin biltzea du bere benetako helburua, eta greba egun kopuru esanguratsu bat izan nahi luke ordurako. «Ez digute kasurik egingo 40 edo 50 egun pasatu arte». Iruña-Veleiako aztarnategiko piezak benetakoak izan daitezkeela uste du, eta gobernuari bi eskari zehatz egiteko abiatu du gose greba: Europako laborategietan piezei arkeometria probak egin diezazkieten, batetik, eta, aztarnategian parterik ez duten arkeologoek indusketa kontrolatuak egin ditzaten, bestetik. «Egia nahi dugu, eta uste dugu gaur egun zientziak badituela moduak egia hori azkar bilatzeko».
Lejandiak 35 egun daramatza greban, Gasteizko Aiztogile kaleko 73. zenbakian, eta bertan ematen ditu kasuari buruzko azalpenak. Bertso saioa ere antolatu du kasuaren berri ematen laguntzeko. Ostiralean izango da zita Gasteizko gaztetxean, 20:30ean, eta Amets Arzallus, Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Iñaki Viñaspre bertsolariak arituko dira kantuan. Lejardi bera izango da gai jartzailea. Azaldu duenez, Iruña-Veleiari buruzko gaiek hartuko dute saioaren parte bat, baina bestelakoak ere izango dira.
Erruduntasun epaia
Eliseo Gil arkeologoak gidatutako taldeak 2006an aurkeztu zituen euskararen, kristautasunaren eta antzinateari buruzko jakintza iraultzekoak ziren piezak, baina faltsuak izan zitezkeen susmoa zabaltzen hasi zen berehala, eta Gilen enpresari aztarnategiaren ustiaketa kentzea erabaki zuen Arabako Aldundiak 2008an, gaia aztertzeko batzorde zientifiko bat antolatu ostean. Salaketa ere jarri zuen aldundiak Gilen eta beste bi kolaboratzaileren aurka, eta, azkenean, aurten heldu da Gasteizko Zigor Epaitegiaren epaia, aferak instrukzio fasean 11 urte eman ondoren. Epaileak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gasteizko auzitegiak Gili, iruzur egin, dokumentuak faltsutu eta ondarea hondatzeagatik. Ez du frogatutzat eman faltsutzeak hark egin zituenik, baina piezak faltsuak ziren jakinaren gainean aritu izana egotzi dio epaitegiak aztarnategiko zuzendari izandakoari. Helegitea aurkeztu du Gilen defentsak orain, absoluzioa eskatuz, eta epaiaren ostean heldu da gose greba ere.
Gilen babesik gabe
Bost pertsonak hasi zuten greba uztailaren 23an, eta haien babesarekin jarraitzen du Lejandiak oraindik ere. EAJ, EH Bildu eta Ahal dugu alderdiekin eta hainbat sindikaturekin bilkura sorta egin ostean hasi zuten protesta ekintza, eta, egun, Lejardi da ordutik greban jarraitzen duen bakarra – astean egun bateko eta hiru eguneko baraualdiak egiten dituzte beste bi grebalarik–. Ordea, kritikak ere egin dizkiete gose greba egiteagatik.
Greba hasi baino egun bete lehenago, grebarik ez egiteko eskaria egin zuten jendaurrean Eliseo Gil eta Idoia Filloy Iruña-Veleiako aztarnategiko kudeatzaile izandakoek, eta oharra kaleratu zuten SOS Iruña-Veleia eta Martin Ttipia elkarteek ere grebari ez ziotela babesik ematen azaltzeko. Bi elkarte horiek bat egiten dute piezei proba gehiago egiteko eskariarekin, baina orain greba egitea «kaltegarria» izan daitekeela uste dute, auzia oraindik ere epaitegian dagoelako, eta Gilen defentsak epaiari helegitea aurkeztu diolako.
Lejardik azaldu duenez, ordea, kritiko azaldu diren elkarte horietako hainbat kideren bisitak izan dituzte egunotan. «Esaten digute ados ez egon arren gurekin daudela». Gilek ere dio mezu atseginak bidali dizkiotela, egiten dutena eskertuz, eta nahikoa egin dutela esanez, mezu horietan grebalariei gose greba bertan behera uzteko ere eskatzen dien arren.
Akordioa lortu arte
Hau ez da Lejardiren lehen gose greba luzea. Urteak eman ditu garraiolari lanetan, eta, bere kasa, 47 eguneko gose greba egin zuen 2014an garraio sektoreak bizi zuen egoera salatzeko. Oraingoan ere, indarra duen bitartean eustea da Lejardiren asmoa, legebiltzar berrian «zientziaren aldeko akordioa» lortu arte. «Eskatzen duguna aspaldi konponduta egon behar zen. Badaude tresnak hau konpontzeko».