EUSKAL PRESOAK

Mikel Barrios aske uzteko eskaera ukatu dute

Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia «neurriz kanpokoa eta ulertezina» da, Bake Bidearen iritziz.

Barriosen askatasunaren aldeko mobilizazio bat, Itsasun (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
2020ko abuztuaren 24a
15:45
Entzun

Mikel Barrios euskal presoa aske uzteko eskaera ukatu du Parisko Dei Auzitegiak, eta joan den ekainean hartutako erabakia berretsi du: hau da, bost urteko espetxe zigorra ezarri dio euskal presoari, «erakunde kriminal» bateko kide izatea egotzita. Bake Bideak erabakia kritikatu du ohar batean, eta nabarmendu erabakia «neurriz kanpokoa eta ulertezina» dela, «Euskal Herriko egungo testuingurua ikusita». Barrios Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean dago preso. Bake Bideak pentsatzen du «tresna juridiko guztiek» testuinguru hori kontuan hartu beharko luketela.

EH Bildu ere kritiko agertu da deliberoarekin: «Ulertezina iruditzen zaigu Mikel Barrios euskal presoa espetxean izateko Parisko Dei Auzitegiak hartutako erabakia. Espetxeak husteko garaia da, ez betetzekoa».

2017ko urrian atxilotu zuten Barrios, Alemanian, eta handik Frantziara eraman zuten, abenduan. Osnyko (Frantzia) presondegian espetxeratu zuten, eta handik urtebetera aske utzi, zaintzapean. Joan den ekainaren 23an egin zen haren aurkako epaiketa. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatu zuen; defentsak, berriz, kargurik gabe uztea, argudiatuta haren aurkako akusazioak ETAk borroka armatua behin betiko utzi ostekoak direla. Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta hamar urtez Frantzian egoteko debekua. Horixe berretsi du gaur.

Barrios askatzearen aldeko hainbat protesta egin dira azken asteetan, eta, horiei jarraikiz, Arrosadiko Sare taldeak Mont-de-Marsango espetxerako bizikleta martxa bat antolatu du, Iturgoiendik, irailaren 4tik 6ra bitartean. Bake Bideak eta Bakegileek bat egin dute martxarekin, eta gogoratu dute irailaren 19rako ere beste mobilizazio bat iragarri dutela, Zigorra hiltzeraino bete? 30 urte aski da lelopean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.