Eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan

Urritik aurrera jarriko dute martxan ordutegi berria. Maskarak erabili beharko dituzte Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek. 666 profesional gehiago kontratatuko dituztela ziurtatu du Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak.

Carlos Gimeno eta Santos Indurain, gaur goizeko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 21a
12:10
Entzun

COVID-19ak eragina izango du datorren ikasturtean, eta Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu dute zer aldaketa izango diren Nafarroako ikastetxeetan egoera berrira egokitze aldera. Egunerokotasunean eragina izango duten neurrietako bat urritik aurrera martxan jarriko duten ordutegia da: eskolak goizez soilik emango dituzte Nafarroako ikastetxeetan. Hezkuntza modalitatea, berriz, mantendu egingo dute: aurrez aurrekoa izango da etapa guztietan. Ikasturtea «aurreikusita eta antolatuta» dagoela azpimarratu du Gimenok, baina haren eboluzioa «dinamikoa» izango dela uste du. Esan du ekainean zehaztu zuten planaren ildo nagusiak ez direla aldatu, baina egungo egoerara egokitu dituztela.

Ikasgeletako irudia ere aldatuko da. Izan ere, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrerako ikasleek ikasgeletan ere maskara erabili beharko dutela ziurtatu du Indurainek; Haur Hezkuntzatik  LH4ra arteko ikasleentzat, aldiz, hautazkoa izango da ikasgelan, baina jantzi egin beharko dute eremu komunetan, ikastetxera sartzerakoan eta handik irteterakoan eta autobusean. 3 urtetik beherako haurrek ez dute maskara jantzi beharko autobusean, baina segurtasun distantzia mantendu beharko dute.

Haur Hezkuntzan, ume kopuruan ere aldaketa egongo dela ziurtatu dute: gehienez, hogei ikasle egongo dira ikasgela bakoitzean.

Eskolek eskaini ohi dituzten bestelako jarduerei dagokienez, jangela zerbitzuari eutsiko diote egunero; aldiz, bertan behera utziko dituzte ikastetxeek antolatutako eskolaz kanpoko jarduerak. «Printzipioz, ezingo dira horien osagarriak antolatu, osasun egoerak ez badu modurik ematen horretarako. HHko eta LHko ikastetxeetan, ikasleen arteko harremanik ez dagoen jarduerak lehenetsiko dira», azaldu du Gimenok. Horrenbestez, HHn eta LHn, 9:00etatik eta 14:30era artean antolatuko dute ordutegia, eta jangela, gehienez, 15:45ean amaituko da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 8:00etatik 15:00etara antolatu beharko dute ordutegia.

Azken egunetako datuak ikusita, espero daiteke ikasgeletan ere agertuko direla positiboak. Horrelako kasuetan nola jokatuko duten ere azaldu du Indurainek. Desberdin jokatuko dute LH4tik behera dauden ikasleekin eta hortik gorakoekin. LH4ra arte ikasgeletan bizikidetza talde iraunkorrak sortuko dituztenez eta horietan maskararik erabiliko ez dutenez, ikaskideren batek positibo ematen duenean, kontaktu zuzentzat hartuko dituzte ikaskideak. Hori dela eta, PCRa egingo diete, eta berrogeialdia egin beharko dute. Hamar egun igarotakoan, beste PCR bat egingo diete. Irakasleek maskara erabili beharko dutenez, ez dituzte kontaktu zuzentzat hartuko.

Desberdin arituko dira LH5etik gorako ikasleekin. Maskara erabili beharko dutenez, ikasleren batek positibo ematen badu, ikasgela osoa ez dute kontaktu zuzentzat hartuko; beraz, guztiek ez dute PCRa eta berrogeialdia egin beharko.

Baliabide gehiago

Egoera berrira egokitzeko, baliabideak ezinbestekoak izango dira. Gimenoren hitzetan, «nabarmen» indartuko dituzte baliabide materialak eta pertsonalak. Besteak beste, 666 langile gehiago kontratatuko dituzte, baita jangeletan beste 183 zaintzaile ere. Gainera, zehaztu du garbiketa indartzeko lau milioi euro gehiago erabiliko dituztela ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan. Gimenok azpimarratu duenez, espero baino 47 milioi euro gehiago izango ditu Hezkuntza Departamentuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.