Arabako Foru Aldundia PCR probak egiten ari zaizkie hilaren hasieratik zahar etxeetako egoiliar eta erabiltzaileei, prebentzio neurri gisa. Diputazioak proben bitartez atzemandako lehen kasuen berri eman du: hamabi positibo atzeman dituzte Zuiako (Araba) zahar etxe batean. Horietatik hamaika egoiliarrak dira, eta bestea, zentroko langile bat. Udako agerraldiak hasi zirenetik Arabako zahar etxeetako egoiliarren artean detektatu diren lehen positiboak dira. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, asintomatikoak dira guztiak, eta testak egiten jarraituko dute kutsatze gehiago izan diren jakiteko.
Araban ez ezik, Bizkaian ere izan dira kasuak azken orduetan. Diputazioaren arabera, hiru egoiliarrek eman dute positibo COVID-19aren proban, eta dagoeneko 47 daude kutsaturik. Horietatik hiru ospitalean daude. Arratsaldean, ordea, adierazi dute beste bederatzi egoiliar kutsatu direla Bilboko Ballesol egoitzan. Guztiak Birjinetxeko unitate espezializatura eramango dituzte. Han, langile batek ere positibo eman du PCR proban. Aipatutakoaz gain, beste 56 langileri atzeman diete gaitza, eta beste 64 bakarturik daude.
Gipuzkoako zahar etxeetan ez da inor kutsatu azken orduetan egoiliarren artean, baina langileen artean sei kasuren berri eman dute. Orain, beraz, zahar etxeetako hamalau langilek dute gaitza Araban.