618 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Bizkaian behera egin dute kasuek; Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, igo egin dira.

Jendea paseoan Donostiako alde zaharreko kaleetan, atzo. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
2020ko abuztuaren 14a
12:43
Entzun

Azken datuen berri eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta bezperan baino kutsatze gutxiago izan dira Hegoaldean: 510. Bizkaian izan da alderik nabarmenena: atzo 402 positibo izan ziren; azken orduetan, berriz, 292. Halaber, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan kasu gehiago izan dira. Araban, 112 kasuren berri eman dute, atzo baino 37 gehiago; Gipuzkoan, 92 kasu detektatu dituzte, hogei gehiago; eta Nafarroan, 108 kasu atzeman dituzte, 26 gehiago. Araban, udako agerraldia hasi zirenetik izandako kopururik handiena da, eta Gipuzkoako datuak ia uztaileko agerraldiak izan zireneko datuen pare daude: 93 kasu atzeman zituzten uztailaren 19an. Erkidegotik kanpo, hamalau kasu daude.

Ospitaleratzeen berri ere eman dute, eta, beste egun batez, ugaritu egin dira: 47 eri sartu dira erietxeetan azken orduetan gaitzaren ondorioz, atzo baino hemezortzi gehiago. Ospitaleratzeak gehitu ahala, kasuen larritasuna ere areagotu egin da, eta ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan gero eta gaixo gehiago daude. Oraintxe, 185 eri daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan; haietatik hogei, ZIUetan.

Atzo, Getxoko (Bizkaia) taberna batean eta Gasteizko bi jatetxetan izan ziren bezeroei PCR proba egitera joateko eskatu zien Jaurlaritzak. Osasun Sailaren esanetan, 400 test egin zizkieten osasun langileek Getxoko Bikain tabernan izan zirenei, Urdulizko ospitalean. Gaur beste 620 proba egingo dituzte. Gasteizko ospitalean, berriz, 133 proba egin dizkiete Sagartoki eta Oh Malbec jatetxeetan izan zirenei, eta gaur beste 152 egingo dituzte. Osasun Sailak ez du emaitzen berririk jakinarazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.