COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira, Etxerat-ek salatu duenez. Euskal presoen senideen elkartearen arabera, aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, edo berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei. Neurriok «ikuspegi murriztailearekin» aplikatu direla adierazi dute, eta gehitu «senideekiko harremana oztopatzen» ari direla. Horrez gain, espetxe barruko berrogeialdiek «komunikazio oro debekatzea» dakartela azpimarratu dute, eta horrek presoen «bakartzea eta bazterketa» areagotzen duela. Presoen senideak beldur dira egoera hau «itxialdi orokortu» bilakatuko ote den udazkeneko agerraldiekin.
Oharrean, gehitu dute espetxeetako aginpideek «muzin» egin diotela erantzukizunari, eta presoen eta senideen eskubideen «aurka» aritu direla. Zehazki, Jaengo (Andaluzia), Curtisko (Galizia), A Lamako (Galizia) eta Brievako (Gaztela eta Leon) espetxeetako kasuak nabarmendu dituzte, eta salatu horietan «atzera» egin dutela presoen eta senideen arteko harremanetan. Nabarmendu dute «desinformazioa, ziurtasunik eza, bisitarik ez edukitzeko izua eta distantziak eragiten duen estutasuna» direla nagusi senideen artean: «Sufrimendu handiagoa ezartzen dio lehendik zuten zigor erantsiaren zamari».
Euskal presoak «hurbildu» eta «osasun eta bizitza eskubideek» lehentasuna eduki behar dutela azpimarratu du elkarteak. Era berean, pertsona «zaurgarrienen» egoera konpontzeko eskaera berretsi dute: «Larri gaixo diren eta 65 urte baino gehiago dituzten presoak berehala askatzea». Elkarteak nabarmendu du eskaera horiek «erakunde internazionalek pandemia hasieran gomendatutako neurriak» direla.