Maskara derrigortu dute Lapurdiko zenbait herritan

Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Baionan (Lapurdi) beharrezkoa izanen da maskara erabiltzea. 135 euroko isuna izanen du maskararik gabe doanak. Euskal Hirigune Elkargoak jakinarazi du Angeluko eta Miarritzeko hondartzetako gaueko garraioak geldituko dituztela, COVID-19aren hedapena murrizteko.

Angeluko hondartza. GUILLAUME FAUVEAU
2020ko abuztuaren 4a
16:01
Entzun

Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefeturak maskararen erabilera derrigortu du Lapurdi kostaldeko zenbait hiritan. Hala, bihartik aitzina Miarritzeko, Baionako, eta Donibane Lohizuneko hiri barneetan maskararekin ibili beharko du 11 urtetik gorako edonork. Elbarritasunagatik maskararik erabiltzen ahal ez duenak mediku agiria beharko du.

Maider Aroztegi Miarritzeko auzapeza izan zen neurria hartu zuen lehena, eta ondoko herrietako auzapezei dei egin zien ber neurria hartzeko. Turismoaren eraginez karrikak jendez bete dira udan, eta, karriken estutasuna ikusirik, metro bateko distantzia atxiki ezina dela argudiatu zuen.

Angelun eta Ziburun (Lapurdi), maskara merkatu irekietan derrigortu dute; karriketan, ordea, ez. Neurriak agorrilaren 31 arte iraungo du, oraingoz. Maskara jantzi gabe doanak 135 euroko isuna ukanen duela azpimarratu du prefeturak.

Neurriarekin bat egiteko asmoz, elkargoak azaldu du gauerdi ondotik geldituko direla hondartza inguruetara doazen autobus ibilbideak (T1, 5 eta 44 ibilbideak). Agorrilaren 30a arte iraunen du geldialdiak. Izan ere, Miarritzeko eta Angeluko herriko etxeek hondartzen itxiera agindu zuten 22:00etatik 06:00ak arte, «COVID-19aren hedapena oztopatzeko». Elkargoaren arabera, gaueko garraio publikoak murrizteko erabakia «koherentea» da prefeturak hartutako neurri berriarekin.

Gaueko langileen ez zigortzeko, Chronoplus garraio sareak lehen astea baliatuko du entsegu gisa ordezkapen sistema bat plantan ezartzeko, «beharrezkoa bada».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.